2018 MAI. 15 ALPINISMOA Diemberger Azpeitian izango da ostegunean A.A. Kurt Diemberger alpinista historikoa Azpeitian izango da aste honetan. Mendi-Film Jaialdien Nazioarteko Elkarteak aurtengo bere sari nagusia mendigoizale austriarrari ematea erabaki du eta, sari emate ekitaldia abenduan Bilbon egingo den arren, ostegun honetan Azpeitian izango da hitzaldi bat ematen. Ekitaldia Soreasu antzokian egingo da, 20.30ean hasita, eta sarrerak salgai daude (aurrez erosita 12 euroan; leihatilan 15). Diembergerren lorpen-zerrenda luzea eta askotarikoa da, jada 86 urte baititu. Zortzimilakoetan bi lehen igoera dituen eta bizirik jarraitzen duen alpinista bakarra dela esan ohi da (Broad Peak 1957ko ekainaren 9an eta Dhaulagiri 1960ko maiatzaren 13an). Makalu, Everest, Gasherbrum II eta K2 ere igoak ditu, eta aipagarriak dira austriarrak igoera horietan egindako filmazioak, bere garaian sekulako berrikuntza suposatu zutenak. Idazlea ere bai Baina igoera eta filmazio horiez gain, Kurt Diemberger idazle emankorra ere bada. Mendia gaitzat hartuta, dozena erditik gora liburu idatziak ditu eta bere gogoetak munduko txoko ugaritan oso estimatuak izan dira. Ez da ahaztu behar, adibidez, “K2ko tragedia” bezala ezagutzen den 1986ko espedizioan parte hartu zuela eta bizirik atera zen bi alpinistetako bat dela. Bost pertsona hil ziren; horien artean, Julie Tullis bere kide mina. Gertaera haiek asko markatu zuten Diembergerren mundu ikuskera, ez mendiarena bakarrik, eta gogoeta horiek ere entzungai izango dira ostegunean Azpeitian.