2018 MAI. 16 Liburuzainen saria jaso dute Eider Rodriguezek eta Vivian Gornick-ek Irakurzaletasunerako bidean lagun izan zituzten liburuzainak Eider Rodriguez zein Vivian Gornickek eta, horregatik, biek ala biek aitortu zuten atzo Gipuzkoako liburuzainen eskutik jaso zuten Zilarrezko Euskadi sariengatiko esker ona. Errenteriarrak «Bihotz handiegia« (Susa) ipuin-bildumagatik jaso zuen euskarazko lan onenaren saria eta idazle estatubatuarrak, aldiz, «Apegos feroces» narrazio autobiografikoagatik (Sexto piso), gaztelerazkoari dagokiona. Azken eguneraketa: 2018 MAI. 16 - 00:22h Amalur ARTOLA DONOSTIA Dela New Yorkeko Bronx auzunean, dela Errenterian, grina duenak beti aurkitzen du irakurketan murgiltzen lagunduko dion liburuzainen bat. Hala gertatu zitzaien Vivian Gornick eta Eider Rodriguezi eta, horregatik, saria itzuli eta esker ona adierazi zieten liburuzainei Euskadiko Zilarrezko sariak jasotzeko ekitaldian, irakurleei eskuen artean ilusioak, jakintza eta bestelako bizitza posibleak esku artean jarri zizkietelako. Izan ere, sariak Gipuzkoako liburuzainen iritziz urteko euskarazko eta gaztelaniazko lan onenak izan direnak saritzen ditu eta, iazko uztatik, Eider Rodriguezen “Bihotz handiegia” eta Vivian Gornicken “Apegos feroces” (Sexto Piso) hautatu dituzte. Haurtzarora itzulita, Rodriguez Errenteriako Etxenike liburu-dendako Mariasunez oroitu zen: «Astero joaten nintzen amarekin, couché paperezko aldizkariak erostera. Nik banuen halako harreman niretzat misteriotsua Mariasunekin; mostradore atzetik ateratzen zenean bere takoi hotsa zoriontasunaren preludioa zen niretzat, banekien aholkatzen zidana gustatuko zitzaidala». Gerora ohartu omen zen euskarazko liburuak aholkatzen bazizkion ere Mariasunek ez zekiela euskaraz eta, beraz, irakurri gabeak zituela: «Baina askotan itzulpenak ziren; berak bazekien gustatuko zitzaizkidala edo, agian, nik nahi nuen hala izatea. Nire bizitzako pertsona garrantzitsuenetakoa izan da Mariasun. Orain ez dakit ezer berataz, ezta bizirik dagoen ere, baina, hemendik, nire esker ona helarazi nahi diot», egin zion eskertza. Mariasuni bezala, liburuzain orori zabaldu zien eskertza errenteriarrak eta, hitza hartuta, Rodriguezen hitzak «zoragarriak» iruditu zitzaizkiola aitortu zuen Gornickek, «nik ere esperientzia bera izan bainuen; literaturan barneratu ninduen emakume bat ezagutu nuen. Ederra da 40 urte beranduago gauza bera gertatu izana». Gornickek, baina, berarekin batera AEBetan feminismoaren bidea urratu duten emakumeei eskaini zien saria. Izan ere, “Apegos feroces”-en –orain hogeita hamar urte idatzi zuen Gornickek eta Sexto Piso argitaletxearen eskutik irakur daiteke gazteleraz– bere amarekin eta auzokide batekin izan zuen harremanaz hitz egiten du egileak, haien bidez jaso zuen iruditegian sakondu eta feminismoaren eskutik zenbait ideia nola irauli zituen azalduz. «Ezkerreko familia langile batean hazi nintzen, feminismoaren bidez berriro politikan sartu nintzen eta ama-alaben arteko harremanak kezka politikorako eta autodeskubrimendurako iturri bilakatu ziren. Istorio honek kontatzen du gure amek nola sozializatzen gaituzten, nola prestatzen gaituzten gizarterako», esan zuen. Orain hiru urte, “La mujer singular y la ciudad” liburuarekin osatu zuen bere kontakizuna eta aurten argitaratu da gaztelaniaz, argitaletxe beraren eskutik. Gornickek AEBetako feminismoaren «bigarren oldeko» aktibistatzat du bere burua. «Belaunaldi bisionarioa izan zen gurea, izen bat eman genion diskriminazioari eta salatu egin genuen. Agian, filosofikoagoak ginen, baina suminduta geunden, biraoka irteten ginen kalera eta asko egin genuen, baina ez da nahikoa». Egungo feminista gazteak «oraindik haserreago» sumatzen dituela eta emateko pauso asko daudela gaineratu zuen eta, #MeToo mugimenduaz, garrantzitsuena izan duen zabalkundea dela esan zuen. «AEBak erabat hartu ditu. Orain ehunka ez, milaka dira ahotsa goratzen dutenak. Mugimendu handi bat da, hori argi dago». LIBURUZAINAK Liburuzainek irakurzaletasuna sustatzearren egiten duten lana goratu zuen Rodriguezek: «Literaturaren gotorlekuak lotu eta dialogoan jartzen dituzte». #METOO «Milioika emakumeren haserreak dena agerian uztea dakar, aldaketarik ez dela izan frogatzea. Inork ez du boterea, errekonozimendua, besterik gabe ematen. Injustiziak ez dira beren kabuz zuzentzen», esan zuen Gornickek.