2018 MAI. 19 HELDUEN LITERATURA Identitateak gaindituz Iratxe ESPARZA Danele Sarriugartek idatzitako azken liburuko protagonistak nortasunaren itxuraldatze fisiko eta psikologikoa jasaten du. Neurtuta daude azalpenak eta deskripzioak eta, hala ere, argi islatzen da Mirenek kanpotik barruraino gauzatutako bilakaera kontzienteki bizi duela. Hasiera batean, narratzaileak erakusten duen Mirenen alderdia nartzisista samarra da, sare sozialek irensten dute eta besteen oniritzia ezinbestekoa dauka bere buruaz segurtasun minimo bat adierazteko. Miren Twiterren mezuen esperoan edozein lorpen profesional partekatzeko beharra sentitzen duen horietakoa da, Facebookeko bakartasun kolektibo digitalean soilik ausardiaz jokatzen dakiena. Bukaeran, ordea, Mirenen beste alderdiak haragiaren plazera berpizten du eta ordenagailuaren «azal leuna muxukatzeari» uzten dio. Trama ez da korapilatsua, areago, ekintza bakar batek protagonistaren aldaketaren engranajea martxan jartzen duela esango nuke: Mireni Begirada Berriak argazkigintza-bekan epaimahaikide izatea proposatzen diote eta baietzak iraganaren eta etorkizunaren arteko lotura eragiten du. Aldiz, liburuaren antolaketak zailtasunik gabeko istorioari kontrapuntua ematen dio, eleberriak egunkari desordenatu eta zatikatu baten itxura baitauka, nahiz eta narratzaile orojakile bat izan protagonistaren bizitzaren ertz guztietan arakatzen duena. Horretarako, kontakizunean etengabeko jauziak egiten ditu, irakurlea adi egotera behartuz eta Mirenen errealitatea zeharka ehunduz; beraz, bidean daten eta lekuen aipamenak ere garrantzi berezia dauka, nobelaren lehenengo atala ia istorioaren amaieran hasten delako, Mirenek diruz betetako sobrea jasotzen duenean. Edozelan ere, hirugarren pertsonaren erabilerak eta elipsien nagusitasunak ez dute oztopatzen subjektibotasunaren agerpena, zeren testuan dauden digresioei esker sarritan protagonistaren ahotsa zuzenean entzuten dugula baitirudi. Mirenek zergatik eta nola burutu duen eraldatze prozesua azaltzean, lehenengoz eraikitakoa deseraiki behar da; horregatik esperientzia ezberdinekin bat egiten duten hiru espazio nagusi nabarmentzekoak dira. Bik hirien kartografia osatzen dute: bizipenak Bartzelonako balizko kosmopolitismoari eta anonimotasunari lotuta daude, batetik, eta, Donostiari (jaioterriari) eta geografia pertsonalari, bestetik; hirugarren espazioak protagonistak Donostiatik ekialderantz hasten duen bidaiarekin zerikusia dauka, eta iniziatikotzat har genezake nortasunaren bilakaeran eta istorioan erabakigarria delako. Jonek eta Mirenek Bartzelonan elkar ezagutzen dute, amankomunean dauzkaten euskalduntasunak (nahiz eta ikuspuntu desberdinetik ulertu), lagunek eta sorkuntza artistikoak lotzen dituzte. Maila diferenteetan bada ere, Bartzelonak arrakasta lortzeko ateak irekitzen dizkie biei eta Donostian artearen munduak berriro elkartzen ditu. Horrela, liburuan sorkuntzaren zirrikitu ilunak aipatzen dira, baita lan batzuen zalantzazko egiletasunaren aitortza ere. Non hasten da besteen ekintzetatik xurgatutakoa? Lapurreta, plagioa, pastichea? Noraino heltzen da besteen lepotik irudi propioa eraikitzea? Hein handi batean, Ekialderako bidaia berebizikoa da pertsonen eta gorputzen arteko harremanei lekua egiteko eta, aldi berean, gertatutakoaz kontziente izateak Jonekin daukan konfliktoa arintzen laguntzen dio protagonistari. Egungo unibertsoan funtsik gabeko loturak gailentzen dira, eta eskertzen da testuak birtualak ez diren sareak eta esperientziak solidifikatzearen alde egitea. Kontsekuentea izatearren Mireni azala erretzen zaio heldutasunaren bidegurutzean; hala ere, gogoratu azal arrakalatua ezkata bihurtu ostean azalberritua agertzen zaigula.