GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Mitifikazioak


Ahoz, liburu, argazki eta filmen bidez jaso izan ditugu gertakizun edo jazoera historikoak. Orain euskarriak ugaritu egin dira, baina kontakizunen edukien subjektibotasuna saihetsezina da gehienetan. Nork, nola, norentzat transmititzen duen araberakoa.

Antzeko zerbait gertatzen da iruditeria kolektiboarekin. Entzun, ikusi edo irakurri dugunarekin halako pertzepzio global bat eraikitzen da jendearen gogoan. Pertzepzio hori okerra izan daiteke, ordea, batik bat jazoerak antzinakoak direnean eta kontrastatzeko aukera urriak daudenean. Baina baita hain zaharrak ez direnean ere.

Adibidez, oraintxe da 68ko Maiatz entzutetsuaren 50. urteurrena. Garai hura bizi izan zutenak edo historialari adituak kenduta, ondorengo belaunaldietan irudi, uste edo ideia bat nagusitu da: errebolta hartan gizarte osoa oldartu zela. Hain sustraitua zegoen sistemaren indarra ahaztuta, gazte, langile, emakume eta norbanako guztiak, bere galtzada-harria eskuetan, kalera jo zutela, alegia. Alemaniak Frantzia okupatu zuenean herritar frantses oro erresistente bilakatu zela pentsatzea bezalako sineskeria da hori.

Euskal Herrian mobilizazioak eta grebak izan ziren arren, proportzioan ez ziren Estatuko hiri handietakoak bezainbestekoak izan. Sistemarekin kexu zirenez gain, «besteak» ere karrikaratu ziren haren defentsan. Baionan bertan, hiru lurraldeetatik jindako gaullista, hautetsi eta bi mundu-gerretako gudulari ohiek manifestazio jendetsuak egin zituzten gauzak alda ez zitezen. Alta, gehiengoak ez du hori gogoan atxiki eta historiako pasarte hura mito bilakatu da iruditeria kolektiboan.

Mitifikazioen arriskuak gorabehera, mitoak ere –neurri batean bederen– beharrezkoak direla uste dut. Gauzak alda daitezkeela jabetzeko baliagarriak dira. Hori bai, aldaketa horiek ez dira betirako izaten. Erreboltaren ostean eta ondoko urteetan aldaketa izugarriak jazo baziren ere, sistema kapitalistak modu berriak asmatu ditu eta hainbat alorretan atzerakadak nabarmenak dira. Igual, mitoaren alde ona da inor ez dela ausartzen 68ko Maiatzaren edo erresistentziaren kontra zegoela esatera…