2018 MAI. 24 «Orainaldian: laissez faire», Gasteizko artisten erakusleihoa Gasteizen artista eta sortzaileen belaunaldi berri bat badagoela ondorioztatu dute Gindi Auzmendik, Mikel Buruagak eta Iñaki Landak «Orainaldian: laissez faire» dokumentalean. Lana maiatzaren 30ean aurkeztuko dute jendaurrean, Gasteizko Florida zinemetan. GARA GASTEIZ Maiatzaren 30ean aurkeztuko dute Gindi Auzmendi, Iñaki Landa eta Mikel Buruaga kazetariek “Orainaldian: laissez faire”, sortzaile gasteiztarren belaunaldi berriaren gaineko dokumental «esperimentala». Proiektuak Gasteizko kultur sorkuntzari erreparatzen dio eta «jauzia eman eta sortzea erabaki duten gazteen adierazpen artistikoaren bizipena aztertzea» du xede, Buruagak azaldu zuenez. Egileen hitzetan, gazte ekintzaileak dira, ideiatik ekintzarako urratsa egin dutenak, eta kultur sortzaileak. «Horrexegatik ‘laissez faire’ azpititulua, liberalek beren egina, ‘utzi egiten’ esan nahi duena. Azpitituluak proiektu honen funtsa biltzen du», adierazi zuen Buruagak, eta azaldu zuen “Gasteizko kultura alternatiboaren mapa” osatzetik otu zitzaiela dokumentala egiteko ideia. «Ados, dagoeneko badakigu zein tokitan jaiotzen den kultura... orain, zergatik ez diegu erreparatzen kultur sortzaile diren gazteei? Zergatik ez ditugu ikusgai jartzen?», zehaztu zuen Landak. Hala, hamabi dira dokumentalean parte hartu duten artista gazte gasteiztarrak: Ane Gebara ipuin kontalaria, Mikel “Kttulu” Cosmic Tentacles jaialdiaren sortzailea, Beñat Goitia musikaria, Paul Urkijo eta Izaskun Urkijo zinegile eta arte zuzendaria, Irantzu Lekue artista eta muralista, Iker Fidalgo arte kritikaria, Frik1 eta Ojodekuervo grafitigileak, Gasteizko Hardcore Crew-ko kideak, Lurburu talde artistikoko kideak, Eider Bernaola argazkilaria, Reina Ginolanda idazlea eta Nerea Mauleon ilustratzailea. «Gustuko ez duten mundua edo bizi-sistema aldatzeko, interesa kulturan eta sorkuntzan jarrita dutenak, hain zuzen ere. Gasteizko gazteak, suntsiketaren aurrean sorkuntza hautatzen dutenak», nabarmendu zuten. Dokumentala maiatzaren 30ean estreinatuko dute Gasteizko Florida zinemetan eta sarrerak aldez aurretik eskura daitezke, Hala Bedin eta ARTgian.