GARA Euskal Herriko egunkaria

Seaskak protestak eginen ditu gaur, irakasle-lanpostu eskasia salatzeko


Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak protesta ekimenekin segitzea deliberatu du, eta elkarretaratzeak eginen dira gaur, ikastolak dituzten 36 herrietatik 32tan. Hezkuntza Ministerioak hasieran inolako irakasle posturik emanen ez zuela adierazi bazuen ere, presioaren ondorioz kopurua laura igo zuten, eta azken datuen arabera hurrengo ikasturteari begira 5,5 lanpostu gehiago emanen dituztela baieztatu dute. Baina kopuru hori hurrengo ikasturtean izanen diren 230 ikasle berriei harrera egokia egin ahal izateko ikastoletako arduradunek eskatzen dituzten 25etatik urrun dago oraindik.

Gobernuak eskualde hizkuntzen murgiltze ereduko irakaskuntzara bideratutako laguntza berrien ukapena ezagutarazi zuenetik, Ipar Euskal Herrian hautetsien sostenguak etengabe handitu dira, bereziki Herri Urratsen ondotik. Aurreko astean iparraldeko hiru lurraldeetako parlamentariak Parisen izan ziren Ministerioko arduradunekin, eta egun hauetan Jean-Michel Blanquer ministroarekin zuzenean bildu behar dira Seaskaren aldarrikapenei buruz mintzatzeko.

Euskararen Erakunde Publikoak, zeinak Seaskarekin batera izenpetzen duen Ministerioarekin hiru urteko hitzarmena, gutxienez 15 lanpostu behar direla baieztatu du. Seaskak hitzarmena adosteko elkarrizketak bertan behera utzi zituenetik, Baionako karriketan, danborren hotsen erritmoan, 7.000 pertsona bildu ziren, eta gaurkoa horren jarraipena izanen da. Negoziazioetan inolako aitzinamendurik ematen ez bada, mobilizazioekin segitu, eta beste ekimen batzuk ere izanen direla iragarri dute.