2018 EKA. 02 HAUR LITERATURA Ez gara bakarrak Lore AGIRREZABAL Ez gara planeta honetako etxegile bakarrak; arkitektura ez da soilik gizakiona. Gauza jakina da hori, ezta? Bai, baina ezagutzen al ditugu inguruko eta munduko beste animalien bizilekuak? Nolakoak dira hegaztien habiak? Nolakoa azeriaren gordelekua? Eta sator-zuloa? Non bizi dira kastoreak? Magnus Weightman arkitekto holandarrak idatzi eta ilustratutako “Ongi etorri etxera, kastore!” (“Welkom thuis, Bever!”) liburuak ederki irudikatzen du animalien erreinuko arkitektura zein aberatsa den. Mundua ezagutzeko gogo biziz dagoen kastorea da protagonista, enbor zati baten gainean ibaian behera arraunean hasi eta sekulako bidaia egingo duena, ia oharkabean: iparretik hegora, zuhaitzen adarretatik lur azpira, eta ur-azaletik itsaso zabalera. Basotik hirira eramango du lehenengo uraren emariak. Gizakiak eraikitako etxe orratzez betetako bizilekua da hura: autoak, motoak, bizikletak… espezie guztietako animaliak hara eta hona. Hiriko zarata entzun daiteke xehetasunez betetako bi orrialdeko ilustrazio eder horretan. Baina kastorea, galduta eta noraezean, etxerako bidea aurkitu ezinik geratuko da. Zorionez, globoz bidaiatzen ari den beste abenturazale baten laguntza jasoko du. Hari esker zeruko isiltasunera igoko da eta handik iparraldera joko dute biek. Itsas txakurrak, hartz zuriak, mortsak… Leku zoragarria, baina hura ez da kastoreen bizilekua. Hegoalderago, Europan, azeriak zuhaizpe batean eraikitako gordelekua ikusiko dute; hura ere ez da bere etxea. Ondoren, erlauntza bat; gari-soroetako saguen lastozko etxe biribilak; Afrika iparraldeko zikoinen habia handiak; sabanako termitek eraikitako dorreak; txori ehuleen belarrezko habia zintzilikatuak; Karibeko arrain zapalen etxeak; Hego Amerikako karramarro ermitauen behin-behineko oskolak eta beste hainbat bizitoki ikusiko dituzte. Mundua alderik alde zeharkatu, eta, azkenean, Kanadako basoetara gerturatuko dira. Hantxe, ibaian makilatxoz makilatxo eraikitako etxeetan izango ditu zain bereak. Album ilustratu zoragarria da hau. Istorio baten hariari segika –Kastorek etxerako bidea aurkitu nahi du–, bi orrialde betetzen dituzten ilustrazioen bidez ezagutuko dugu tokian tokiko bizidunen arkitektura. Ezagutza-liburuen artean ikusiko dugu, agian, baina album honek ez digu animalien bizilekuei buruzko informazio guztiz erreala emango, Weigthmanen abiapuntua arkitektura den arren, gizakion iruditerian oinarritu baita hau sortzerakoan. Izan ere, bizilekuaz gain, zer da guretzat etxea? Babeslekua, atsedenlekua, jolaslekua… Bada, hain zuzen, horixe izan da egileak irudikatu nahi izan duena, eraikuntza desberdinak erakusteaz batera. Hori dela eta, liburu honetako azeria bere egongelako sofan eserita ikusiko dugu, kumeak logelan burko-gerretara jolasten diren bitartean; gari-soroetako saguak beren sukaldeko mahaian daude; txori-ehuleek musika-eskola eta bulegoa ere badituzte beren habietan… Bizilekuak eta bizimoduak iradokitzen ditu arkitekto herbeheretarrak album ilustratu honetan. Baina, oro har, etxeak ematen digun goxotasuna transmititzen dute liburu honetako irudiek. Horregatik, kolore beroak dira nagusi: lurraren, lastoaren, argizariaren nahiz hondarraren marroixkak eta horixkak. Trazu finez marraztutako eta xehetasun ugariz betetako ilustrazioak dira, behin eta berriz ikusita ere, aldiro zerbait berria topatzeko aukera ematen duten horietakoak. Album handia da, 33x24 zentimetrokoa; hortaz, patxadaz etxeko sofan eseri, eta, magalean hartuta, lasai gozatzeko liburua da hau.