GARA Euskal Herriko egunkaria
Bodyboard

Alex Urangak istripua izan zuen Txilen egiten ari diren munduko txapelketan

Datozen orduetan jakingo da Aricako txapelketa nork irabazi duen. Urangak istripua izan zuen lehiatzen ari zela eta ospitalera eraman behar izan zuten.


Aurtengo APB tourreko denboraldi berria hasi zenetik txapelketa garrantzitsuena egiten ari dira egunotan Arican (Txile) eta sekulako ikuskizuna izaten ari da. Olatuaren izaera indartsuak eta APBk aurten ezarri duen lehiaketa formatu berriak lehiakideek beren onena emateko baldintzak ezartzen ditu.

Aurrez bi txapelketa bakarrik egin ziren, biak QS mailakoak; bata Hegoafrikan, West Beach Warfare, izar batekoa, eta bestea, Antofagasta Bodyboard Festival, 5 izarrekoa, Txileko La Cupula urautsi famatuan. Egunotan egiten ari diren lehiaketa, ostera, lehen mailakoa da, Grand Slam Series (GSS) mailakoa.

Formatu berriaren arriskuak

Arican olatua eskuin-ezker lehertzen da eta oso arriskutsua da sakonera gutxira dagoen haitz plataforma baten gainean lehertzen baita. Txapelketa hasi zenetik olatu bikainak izan ziren, bi eta hiru metroko olatu borobil indartsuak. Atzo erredakzioa ixteko ordurako oraindik ez zen amaitua txapelketa, baina azken emaitzak datozen orduetan jakingo dira.

APB erakundeak ezarri duen formatu berriarekin, lau lehiakidez osatutako hiru erronda egin behar dituzte 32 lehiakideek. Horrela, hiru errondetan hiru puntuazio altu lortu behar dituzte eta hirugarren erronda amaitzean, puntuazio altuenak bildu dituzten 16 lehiakideak laugarren errondara pasatzen dira. Hortik aurrera txandak buruz burukoak dira eta, hala, binaka lehiatzen dira finaleraino.

Formatu berriak lehiakideak gehiago arriskatzera behartzen ditu eta ondorioak lehen egunean ikusi ziren. Alex Urangak lesio gogorra izan zuen. Uretatik atera eta zuzenean ospitalera eraman zuten. Saihets-hezurretan kolpe gogorra jaso zuen.

Zumaiarrak antolatzaileei eginiko adierazpenetan honela kontatzen zuen gertatutakoa: «Olatuak shock egoeran utzi ninduen arroka jo ostean. Ez nuen hau espero, baina ospitalean aztertu naute eta ongi nago, ikusteko dago uretara noiz sartu ahal izango dudan».

Min hartu zuen beste lehiakidea Ian Campbel izan zen, iazko mundu txapelduna. Bost puntu josi zizkioten buruan eta belauna ubelduta zuen. Eskerrak eman zizkien jarraitzaileei babesa eskaintzeagatik eta Uranga ere «lehenbailehen osatzea espero» zuela adierazi zuen.

Aurtengo Grand Slam mailako bost txapelketetatik lehena da Arican egiten ari direna eta datozen orduetan jakin ahal izango da irabazlea nor den. Hurrengo GSS lehiaketa, ostera, ekainaren 16 eta 26 artean izango da Itacoatiaran (Brasil).