GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Aurtengoa, pozoirik gabeko uzta


Aurtengo herriko besten denboraldi honetan, baztandarrak zoriondu nahi ditugu berriz ere.

Pozten gara Irurita eta Berroetako plazak mutildantzariz beteak ikusteaz, espero dugu bertze 13 herrietan ere bertze hainbertze izatea, gauzak aldatzen ari diren seinale. Orain dela gutti artio hutsak edo mutildantzari baztertzailez beteak zeuden plazak; gaur egun parekideak eta herritar guztiei irekiak dira.

Aldaketak, hala ere, ez dira beti norabide zuzenean egiten. Atzo emakumeen parte-hartzea galarazi nahi zutenak ez omen daude emakumeak dantzatzearen kontra, beren espazio propioa izatearen alde baizik (erran nahi duena, baztertzeko espazio bat izatearen alde daudela).

Emakumeak guttietsi eta bigarren mailako herritar gisa tratatu nahi dituzten horien diskurtsoa eta formak aldatu dira, baina erasoek jarraitzen dute, eta beraz, gure borrokak ere bai.

Matxismoak aurpegi eta neurri desberdinak izanagatik ere, beti da kaltegarria. Herriko plazetan emakumeak baztertzen dituzten horiek, emakumeek dantzatzen dutelakoz dantzatzeari uko egiten diotenek, dantza antolatzeari utzi diotenek, elizaren babesarekin eremu pribatuetan gizonen (zakildunen) nagusitasunaren alardea egiten dutenek, hauek denak txalotzera joaten direnek, edota ongietorria ematen dieten herriko ordezkariek, guzi-guziek emakumeei eraso egiten diete, umiliatuz eta guttietsiz. «Manada» deitu zaie Iruñeko sanferminetako bortxatzaileei, taldean eraso dutelakoz. Gure herrietan ere badaude taldean eraso egiten dutenak. Horiek guztiek egunero emakumeen kontra ereindako mespretxua heldu diren belaunaldietako matxista eta «manaden» uzta izanen da.

Erasoak beti dira larriak, baina larriagoak dira oraindik modu kolektiboan egiten direlarik, nabarmen gelditzen baita zein errotuta dauden inpunitatea, eta zapalkuntza.

Mugimendu feministari esker Euskal Herrian zein munduan, hainbat aurrerapauso eman dira arlo honetan, eta baztandarrak ere horretan ari gara. Eman diren pausoak txalogarriak badira ere, bide luzea dugu oraino egiteko.

Segi dezagun bada eraso guztiak salatzen eta bazterketarik gabeko plazak betetzen. Aurtengoan, pozoirik gabeko uzta bildu dezagun!