2018 EKA. 14 IKUSMIRA Lehen 50en artean emakumerik ez Xole Aramendi Kazetaria Emakumerik ez, 50 salduenen artean». Hitzok salto egin didate berripaperetik. 113.000 arte-salerosketa aztertu dituzte, 725 subasta-etxek eginak, eta hori da emaitza. Emakume artistarik ez da ageri lehen 50en artean. Begirada jar dezakegu museoetan, arte galerietan... Euskal Herrian zein hemendik kanpo, baina ikuspegia ez zaigu gehiegi aldatuko. Garbi dago, gizonezko artistek bizkarra ederki babestuta daukate, urteen poderioz ezin hobeto perfekzionatutako sistemari esker. Lourdes Fernandezekin izandako solasaldia etorri zait gogora. Madrilgo Arco azokako eta Bilboko Alondegiko zuzendari izandakoak halaxe esan zidan arte munduan dagoen kristalezko sabaiaz galdetuta. «Kultura alorrean emakumearen presentzia handiagoa izan da kulturari ez zaiolako garrantzirik eman. Hau ezin dugu ahaztu. Kultura ez zaie axola izan ez gizonei, ez jendarteari». Alegia, «musika egin nahi nuela, edo arte galeria bat ireki, edo liburu-denda, utz iezaiozu, total, kultura besterik ez da, ez du traba handirik egingo...». Horixe aita zein senar askoren azken hamarkadetako pentsamoldea. Atzera begira jarri eta aurrerapausoak ikusi arren, ondorengoa nabarmendu zidan Fernandezek: «Ondoen kokatuta dauden artistei begiratzen badiezu, denak dira gizonezkoak. Eta fokua subastetan jartzen baduzu, berdin. Noski kristalezko sabaia dagoela, nahiz sotilagoa izan». Estatistika hau «emakumeen kontuak» izan diren alorrean gertatzen bada, zer ez da gertatuko jendarteko beste makina bat esparrutan.