GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Nola esaten da 155 txineraz?


Ekainaren 2a larunbata zen eta, ordutegien halabeharrez, Taipeiko Liburutegi Nagusiko Konferentzia Aretoan topaketari ekin zitzaionean, Pedro Sanchez oraindik bere ohean egongo zen, Zarzuelako jauregirainoko buelta egin gabe. Eta, beraz, bezperan Madrilgo Kongresuan lortu zuen Espainiako lehen ministro izendapenaren zina egin gabe. Borrell desinfektatzaileak, ziurki, ez zuen jakin ere egingo berriro ere ministro izatear zegoela. Kanpo Arazoetako ministro, hau poza.

Bada, egun hartan bertan eta biharamunean, Taipein, “Mundu mendebal-zentrikotik post-mendebaldekora; 21. mendeko mundu-ordenu berriaren bila” nazioarteko konferentzian Borrell bezalakoei buruz hitz egin zuten. Ez, noski, izen-deiturekin: hango mintzaideak oso-oso jakintsuak ziren/dira Asia Ekialdeko kontuetan; munduko, edo behintzat Mendebaldeko, aditu nagusiak direla horretan esan liteke. Baina gutxi samar zekiten Espainiako politikagintzari buruz, itxuraz. Gogotik hitz egin zuten, hala ere, albisteen harira.

Espainiari eta, bereziki, Kataluniari buruz hitz egin zuten, bai, Taipein; besteak beste. Taiwango eta Kataluniako kasuen artean leudekeen aldeak azpimarratzeko. Ez dut ukatuko aldeak, galantak gainera, daudela. Baina ez han Yang andreak esan zuen bezala, «Espainia estatu liberal-demokratikoa delako; Txina, ordea, estatu autoritarioa da; hor datza funtsezko aldea. Taiwanek ezingo luke independentzia aldarrikatzeko luxua beretu, horrek Txinaren esku-hartze militarra erakarriko liokeelako ziurki». Urriaren 1ean beste zerbaitetan aritu izango zen Yang andrea.

Bertako faktoreek nahiz kanpotiko bulkadek eraginda, oso gertagarria da datozen hilabeteetan Txina eta Taiwanen arteko giroa biziro gaiztotzea. Hala balitz, benetako kilima intelektuala eragiten dit, Borrell desinfektatzailea, Espainiako Kanpo Arazoetako ministro legez, nazioarteko mintzalekuetan bere «liberalismo demokratikoa» azaltzen imajinatzeak. Nola zeharraldatuko ote du 155.aren praxia testuinguru hartara?