GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Urko Carmonak Riglosenekinaldi ederra egin berri du

Hanka bat ebakita duen eskalatzaileak, besteak beste, La Viseran dagoen «Fiesta del biceps» eta «Zulu demente» bideak igo ditu. Azken hori, gainera, Ivan Germanekin (honek ere hanka bat falta du) eta Javier Aguilarrekin (itsua da) eskalatu du.


Kalapita ederra sortu genuen Ataun aldean Urko Carmona Barandiaran joan den hilabetean orriotan aurkeztu genuenean. Aipatu genuen ama Etxarri-Aranazkoa zuela. Baina ez da horrela: Ataunekoa da. Beraz, behin akatsa zuzenduta, hurrengo lerroak aprobetxatuko ditugu duela aste batzuk eskalatzaile honek Riglosen egin dituen jardueren berri emateko.

Ziur aski, irakurleak gogoan izango du aurkezpen egunean azaldu genuela Carmonak, gaztetan izandako istripu baten ondorioz, hanka bat galdu zuela. Eta gehitu genuen ere horrek bere zaletasunean eragina izan badu ere, jo eta su jarduten duela. Eta beste behin erakutsi du bere eskalada grina, oraingoan Riglosen.

Eskalatzaileak berak bisita horren inguruko azalpenak eman dizkigu: «Chabi Sanchezek Rigloseko hormetan egin berri duen xedearekin bat eginez, hainbat paraeskalatzaile handik agertu ginen. Chabik, 21 egunean, 9.000 metro eskalatu zituen. Eta hori egiteagatik lortutako dirua Aragoiko ADAMPI elkarteari eman zion. Elkartasun keinu bat izan zen. Helburu hori bukatzear zela, gonbidapena jaso genuen». Riglosera eginiko bisitan, Carmonak hainbat pareta eta bide igo zituen: Puron ohiko bidea (6b), Firen “Directa as cimas” (6c), La Viseran “Fiesta del biceps” (7a) eta “Zulu demente” (7b)...

Eskalada horietatik guztietatik azkena azpimarratu nahiko genuke, besteak beste, La Viserako bide klasiko hori beste bi paraeskalatzailerekin eskalatu zuelako: Ivan German (honek ere hanka bat falta du) eta Javier Aguilar (itsua da). “Zulu demente” eskalatzeko, hirukoteak petate batean makuluak sartu zituen eta soka laguntzaile batekin igo zuen. Kontuan izan behar da ordubeteko jaitsierarako makulu horiek behar zituztela Germanek eta Carmonak.

Oro har, Carmonak onartu digu bide hori igotzen asko gozatu zutela: «Inolako zalantzarik gabe, bikain pasa genuen. Bide horri ‘bolotrakzioa’ deitu genion, patata itxura duten harri berezi horiengatik. Lehen 100 metroak sokaburu egin nituen. Javik bikain igo zuen, eta Ivanek flash eran. Bitxikeria bat kontatuko dizut: bidea amaitzeko zazpi-zortzi metro falta zirela, haizearen eraginarengatik, sokak nahastuta zeuden. Javiri tarte hori sokaburu amaitzeko esan nion. Erabat hunkituta zegoen. Esan nion hasieran zuzen joateko, eta, ondoren, ezkerrera zegoen parabolt batera. Ivanek harriduraz begiratu zidan itsu bati horrelako informazioa emateagatik!».

Bide egokia

Arestian esan dugu hirukotea pozarren zela “Zulu demente”-n bizitakoarengatik. Carmonak dio izaera horretako marrak berarentzat egokiak direla, besteak beste, eroria dutelako:&flexSpace;«La Viserako bide hori asko gustatu zait. Eragozpen bakarra da pausu gogorrena amaieran dagoela. Horrez gain, erresistentzia handia eskatzen dizu. Alabaina, duen inguruagatik, hain tentea izateagatik eta eroria duelako oso-oso ona iruditu zitzaidan. Gure ezaugarriengatik, Javi eta biok eroria duten marretan ondo moldatzen gara; finean, bikain jarduten dugun eremua da. Alde psikologikoa ere hor dago, baina bide luzeetan eskarmentua badut».

“Zulu demente”-ren igoera sinatu ondoren, biharamunean, Aguilarrek eta Carmonak sokada osatu zuten. Helburua: Puron dagoen ohiko bidea. «Bide ia osoa bikain egin zuen Javik. Soilik pausu bakan batzuetan eman nion informazioa; flash eran gainditu zituen. Lehen luzeetan, berriz, ez nion ezer esan, eta era perfektu batean eskalatu zuen. 6b+ zailtasuna arte era autonomoan eskalatzen du. Lehen aldia zuen Riglosen, eta aitortu zidan primeran pasa zuela. Marra honetan rapelatu behar izan genuen, eta Javik maniobra guztiak ondo menderatzen ditu».