GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Sophiak gizakiok baino gizatasun handiagoa ote?


Inoiz baino txundituago nauka gizakiak; ertzez betea, maila gorenera iristeko gai da, eta nola ez, behe-behera heltzeko gai ere bai.

Zientzia eta teknologian izaten diren etengabeko aurrerapausoek aho zabalik uzten naute sarri askotan, baita gizakioi eragiten diguten beste ataletako atzerapausoek ere; arrazoitzeko eta sentitzeko gaitasunari, justiziari eta abarri dagokienez, tunel estu eta ilunean barneratzen ari garela iruditzen zait.

David Hansonek sorturiko giza itxurako robotak, Sophia- izenekoak, Iruñean egindako SciencEkaitza zientzia-galan parte hartu zutenen arreta bereganatu zuen. Oraindik ikasteko asko duen arren, elkarrizketetan erakutsitako segurtasunak eta trebeziak harri eta zur utzi zuen jendea. Gizakiekin dituen hartu-emanek eragina dute Sophiarengan; umorea, ironia eta trebezia erakutsi zuen saio hartan jendearekin izandako elkarrizketetan. Galdera zail eta konplexuen aurrean trabatu eta blokeatu egin zen, baina, hala ere, emozioak dituela esanez atera zen.

Gizaki askok egunotan erakutsi dutena baino askoz ere gehiago. Sanferminetan bortxatu zuten emakumearekiko, eta haren azalean guztiekiko, erabateko mespretxu gordin-gordina ikusi dugu; bortxatzaileak harro telebistan, gutxitua emakumea.

Mediterraneoan hil ala biziko borrokan ari direnek ere ez dute garrantzi handirik batzuentzat. «Giza okela» deitu die Salvini ministro italiarrak, portuak itxiz.

Azken egunotako adibide bi besterik ez dira, aho bete hortz eta Sophiari begira utzi nautenak. Gizatasun handiagoa ote du berak?