GARA Euskal Herriko egunkaria
Bodyboard

Iain Campbellek irabazi du Itacoatiara Pro txapelketa


Beterano hegoafrikarrak irabazi zuen joan den astean amaitu zen Itacoatiara Pro 2018 bodyboard mundu txapelketa famatua. Brasilgoa aurten lehen mailan (Grand Slam Series) egin dituzten txapelketetatik bigarrena zen.

Guztira bost txapelketek osatzen dute aurtengo GSS zirkuitua eta aurten lehiaketa modu berritzaile bat ezarri dute. Lehiaketa modu berriak lehen txandetan arriskatzera behartzen ditu bodyboarderrak; izan ere, puntu gehien eskuratzen dituzten lehiakideek egiten dute aurrera. Azken txandetan soilik ezartzen da aurkaria gaindituz gero hurrengo txandara pasatzea ahalbidetzen duen ohiko formatua.

Itacoatiaran ez ziren izan aurreko txapelketan (Txile) adina zauritu. Izan ere, arriskatu beharrak bultzatuta zenbait zauritu izan ziren Aricako txapelketan, haietako bat, esaterako, Alex Uranga zumaiarra.

Bi hegoafrikar

Iazko munduko bodyboard txapeldun Iain Campbellek 15 urte lehian daramatzan arren, oraindik sasoian dela erakutsi zuen Brasilen. Bi metroko olatu indartsuak izan ziren. Sarri olatuak itxi egiten ziren, ihesbiderik utzi gabe; beraz, lehiakideek olatua hautatzeko orduan zorrotz aritu behar izan zuten eta finalean ere horrela izan zen. Tristan Roberts eta Iain Campbell, bi hegoafrikar izan ziren buruz buru azken txandan lehian eta azkenean Campbell gailendu zen.

Txandako lehen minutuetan bi olatu on egin zituen Campbellek eta horrek lasaitasuna eman zion. Bere arerioak ordea, olatu egokiak hartzeko zailtasunak izan zituen finalak iraun zuen artean eta amaiera iragartzen duen klaxonak jo zuenean 7’75 puntu baino ez zituen eskuratu Robertsek. Campbellek ostera hasieran lortu zituen 13’25 punturi esker txapela irabazi ahal izan zuen.

Irabazleak honakoa adierazi zuen: «Ametsa iaz lortu nuen mundu titulua eskuratu nuenean, baina hau bezalako garaipenak oso garrantzitsuak dira azken helburua lortu ahal izateko, zeren bidean buruhauste ugari izaten dira».

Expression Session

Aurten indarrean den formatu berriak, besteak beste, lehiakideek beren onena eman eta ikuskizuna eskaintzea du helburu. Horregatik, Expression Session lehiaketa bat ere izan zen Itacoatiaran eta Sammy Morretino hawaiiarrak irabazi zuen.

Kauai uharteko bodyboarderrak belauniko egin zuen ariketa bati esker eskuratu zuen ariketa ikusgarrienaren txapela. «Erakutsi nahi nuen, zailagoa izan arren, mota honetako olatuetan belauniko ere ariketak egin daitezkeela», adierazi zuen Expression Sessioneko irabazleak.

Gauzak horrela, GSS itzuliko hirugarren txapelketa Australian izango da, Kiama bodyboard Slam, datorren uztailaren 30etik abuztuaren 9ra. Horren ostean, bi hilabeteko geldialdi labur bat izango da, baina tartean 6 eta 4 izarreko pare bat txapelketa garrantzitsu ere izango dira Portugalen irailean.

Aurten munduko APB bodyboard itzulia urrian amaituko da, urtero bezala, Portugalen eta Kanaria uharteetan egingo diren Nazare Pro eta Gran Canaria Fronton King Pro txapelketa mitikoekin.