2018 UZT. 03 IKUSMIRA Erabili eta botatakoa guregana itzultzen da Maider Iantzi Kazetaria Plastikozko Poltsarik Gabeko Nazioarteko Eguna da gaur. Eta herenegundik, orain arte dendan debalde jasotzen genituen plastikozko poltsa arinak 5 eta 15 zentimo artean balio dute Hego Euskal Herrian. 2021ean horiek debekatzeko asmoa dute, Ipar Euskal Herrian 2017a hastearekin batera egin zuten bezala. Azti-Tecnaliako zuzendari zientifikoak, Xabier Irigoienek, elkarrizketan azaldu zidanez, botatzen ditugun poltsak xehatzen doaz pixkanaka eguzkiarekin eta urarekin, arroz ale baten tamainako pusketan. Hala, munduko itsaso guztiak kutsatu ditugu mikroplastikoz. Zati bat hondoratu egiten da eta bertze bat arrainek jaten dute (eta, horien bidez, guk geuk). Texas edo Estatu frantsesaren tamainako plastikozko irlak ikusi dituzte ikertzaileek, baina itsaso eta ozeanoetan barreiatutako plastiko gehiena ez dakite non dagoen. Irigoienen arabera, plastikoena kudeaketa arazo bat da eta iturritik ahalik eta hurbilen kontrolatu behar da. Alegia, lurrean (bertatik datorrelako itsasoan dagoen zaborraren %80). Bide horretan proiektu eder bat jarria dute martxan Gipuzkoak eta Lapurdik elkarrekin: Life Lema. Kostaldera iristen diren plastiko handiak puskatu baino lehen jasotzea eta administrazioei kudeaketan laguntzea dute xede. Jada ez da doan erabili eta botatzea, baina kobratzea nahikoa da? Hainbat GKE ekologistak ohartarazi dutenez, ez. Gainera, oraindik bultzatzen diren poltsa konpostagarriek ere plastikoa izan dezaketela agertu dute. Erosketak egitean oihalezko poltsa ez ahantzi, eta sukaldeko plastiko irla ttikitzea dut erronka.