2018 UZT. 03 «Kantuetan dantzan», musika eta dantza uztartuta Mikel Laboa, Xabier Lete, Ruper Ordorika, Antton Valverde, Itziarren Semeak, Oreka TX eta Korrontziren kantu ezagunak abiapuntu hartuta koreografiak sortu ditu Iñaki Goirizelaiak. Amillotx dantza taldeak urrian oholtzaratuko ditu, zuzeneko musikarekin eta 25 dantzarirekin. GARA BILBO “Kantuetan dantzan” ikuskizunak Euskal Herriko musikari ezagunak elkartuko ditu Bilbon. Zuzenean ariko dira denak Mungiako Amilotx dantza taldeko kideekin. Ruper Ordorika, Antton Valverde, Itziarren Semeak, Oreka TX eta Korrontzi igoko dira agertoki gainera datorren urriaren 6an. Ez dira bakarrak izango. «Dagoeneko gurekin ez dauden baina beren kantuekin hilezkor bihurtu diren Mikel Laboa eta Xabier Lete» ere iragarri zituzten, atzo egindako aurkezpen ekitaldian. Musika estilo desberdinek beren tokia izan dezaten nahi izan dute. Kantu horien koreografiak Iñaki Goirizelaiak sortu ditu. «Euskal dantzetan oinarrituta gure estilo propioa sortu dugu, dantza klasiko eta garaikidearen eraginarekin», azaldu zuen. Denera 25 dantzarik parte hartuko dute. «Musika taldeak aukeratzeko irizpide bera erabili dugu, estilo ezberdinak nahasiz». Ikuskizunak ez du ohiko formatua izango. «Koreografiak sortzeko momentuan gure barnean zerbait mugitzen duten estilo ezberdinetako musikak eta taldeak aukeratu ditugu. Barruko har hori mugitzen denean, koreografiak sortzea posible da, nolabaiteko deiadar baten moduko sentsazioa da. Era berean, erritmoak eta letrak erakargarriak behar dute izan, eta askotan, bizitzan izandako esperientziekin lotura estua dute». Denboran atzera egin zuen koreografoak. «2005ean Lauaxetaren jaiotzaren 100. urteurren ospakizunerako koreografia berriak sortu genituen. Erronka handia izan zen guretzat, baina aldi berean, euskal dantzaren munduan ekarpen interesgarri bezain xumea egin genezakeela ohartu ginen. Ordutik hona koreografia ugari sortu ditugu, ezaugarri komun batekin, sustraiak eta gure ekarpenak uztartzea», esan zuen. «Dana eman behar jako maite dan askatasunari». Hala idatzi zuen Lauaxetak eta horrekin bat eginda prestatu du emanaldia Amilotx dantza taldeak, «dantza eman behar jakolako maite dan askatasunari». Urriaren 6koa izango da emanaldi bakarra. Bi orduko iraupenarekin, ekitaldia Xabi Payak gidatuko du. Hainbat sorpresa ere iragarri dituzte. “Kantuetan dantzan” ikuskizunerako sarrerak salgai daude dagoeneko Euskalduna jauregiaren webgunean.