GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Seigarren adarra


Itxuraz, aldaketa administratibo-burokratikoa (hori bai, ondorio potoloekin, aurrekontuetan, e.a.) baino gehiago ez litzateke. Praktikan, askoz munta handiagoko zerbait izan daiteke, ordea.

Arazoaren azala da Trumpek, itxuraz, Ameriketako Estatu Batuetako indar armatuen seigarren adarra sortzea erabaki duela. Hau da, duela 70 urtetik diren bostei (Lurreko Armada, Itsas Armada, Itsas Infanteria, Kosta Zaintza eta Aire Armada, sortze dataren arabera) seigarren bat, Espazio Armada, gehitzea. Aldeak alde, 1947an Aire Armada berezitua sorrarazi zenean gertatutakoaren bigarren edizioa izango litzateke, hain zuzen orain arte betekizun horietaz arduratu den Aire Armada horren kaltetan.

Berezko estiloari eutsiz, Twitterren haizatu du Trumpek erabakia lehenik, eta ondoren hasi da asmoa nola burutu hausnartzen. Kontrakotasun oso handiak baititu egitasmo horrek AEBetako indar armatuetan (USAFeko ia arduralaritza osoa, blokean, dago aurka, baina baita Mattis, Pentagonoko idazkaria, ere), eta bi alderdietako establishmentean ere. Zerbaitegatik daramatza ia hogei urte bueltaka gai horrek...

Orain asmoa berpiztu eta burura eramateko erabili nahi den argudioa (2007an Txinak “satelite hiltzaile” bat arrakastaz probatu zuela, bere espazio-ontzi zahar bat suntsitzeko), ahula ez ezik iruzurtia da: Estatu Batuek ere gaitasun hori bera bazuten aspalditik, eta ez Txinak ez Errusiak ez dute orain Trumpek sortu nahi lukeenaren antzekorik (VKS-Errusiako Indar Aeroespazialak egungo USAFen oso antzeko egitura dute; eta txinatar egitura militarra are konbentzionalagoa da).

Gaiaren gakoa ez datza, ordea, burokrazia konparatuan. Berariazko Espazio Armada baten eraketa, baldintza nahikoa ez bada ere, ia nahitaezko baldintza da orain arte egin ez dena –eta indarrean dauden itunen arabera egin ezin dena; baina ikusten ari gara zenbat balio duen tratatu-paperak– egiteko. Hau da, espazioan eraso-armak (esan gabe doa nuklearrak izango liratekeela gehienbat) iraunkorki ezartzeko.

Eta batek urrats hori egingo balu, besteak segituan izango dituela atzetik.