GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Sanferminak, ondo; Estatua, beti bezala


Aurtengo sanferminak aldaketaren sintoma izan dira. Ez dira, nonbait, munduko gauzarik garrantzitsuena, Iruñeko zenbait lagunentzat eta Minneapolisko beste birentzat izan ezik, baina bai zerbait garrantzitsuaren erakusgarri. Atzo egunkari hau irakurri ez zuenari Aritz Intxustaren analisia irakurtzea gomendatzen diot.

Jaia eta aldarrikapena aspaldi ez bezala uztartuta agertu dira aurten Iruñean. Herritarrek nola matxismoaren aurka hala Altsasuko gazteen alde edo Estatuaren krimenen inpunitatearen salaketan bat egin dute. Ez da denbora luzea gure herrietako jaietan herri ekimenak kriminalizatu edo, onenean, jaiak bertan behera utzarazteko ahalegintzat jotzen zituztela. Egunotan Iruñean izan direnek, lehenik iruindarrek, esango dute jaiak ase dituen. Aldarrikapenen maila begien bistakoa izan da.

Estatuak ez du aldaketa zantzurik ere agertu, ordea; aitzitik baizik, eta sanferminak horren sintoma ere izan dira. Estatua denok garela zioten frankismoan, eta ados egon gintezkeen maila teoriko batean, baina nekez estatu faxista batean. Ez omen da oraingo kasua, estatu demokratikoa omen da eta. Zuzenbide estatua. Legaltasunaren printzipioak gobernatua. Bai, frankismoan bezalaxe. Egia da frankismoan estatuak ez zituela oinarrizko eskubideak errespetatzen... eta egia da inpunitatea salatzea bere buruaren aurkako iraintzat hartuta egia eta justizia eskatzen duena jazartzen duen estatuak ez dituela oinarrizko eskubideak errespetatzen. Bere izaera definitu du berriro ere, atsegin omen dituen zenbait definiziorekin bat ez datorren izaera.