GARA Euskal Herriko egunkaria

Bruselak berme gehiago eskatu dizkio Volkswageni

Volkswagenek «dieselgate» auziak kaltetutako Europako ibilgailuen %80 konpondu ditu eta Europako Batzordeak saiakera baloratu arren, ez duela erabateko bermerik ematen adierazi du.


Europako Batzordeak eta kontsumitzaileen babeserako agintariek ongi baloratu dituzte Volkswagen talde alemanak “dieselgate kasuaren” ondotik konfiantza berreskuratzeko emandako pausoak. Kaltetutako Europako ibilgailuen %80 konpondu ditu. Hala ere, berme gehiago eskatu dizkiote konponketaren ondotik arazorik ez sortzeko.

Europar Batasuneko 8,5 milioi autoren motorrak trukatu zituen Volkswagenek emisioen mugei iskin egiteko. Gero, errebisiora deitu zituen ibilgailuen jabeak. «Taldeak agindutako ekintza plana bete du, baina hori izan zen dena. EBko konponketa indibidualen inguruan arau zorrotzagoak behar ditugula erakusten du», agertu du Vera Jourova Justiziaren, Kontsumitzaileen eta Genero Berdintasunaren europar komisarioak.

Talde alemanak kaltetutako ibilgailuen doako eguneratzeekin jarraitzeko konpromisoa hartu du, baita dagokien bermea emateko ere (autoa eguneratzen denetik 2020 bukaerara), baina Europako Batzordearen ustez ez da aski. Hortaz, ez du baztertzen autoritate nazionalek neurriak hartzea, «tokian tokiko egoeren arabera».

«Volkswagenek ez du berme erabateko eta argirik eskaini eguneratzeak ez duela ibilgailuen errendimenduan eraginen ziur jakiteko», azaldu dute Europako Batzordeak eta autoritate nazionalek ohar batean. Kaltetuei oroitu nahi diete arreta ukatzen badiete salaketa formal bat aurkeztu behar dutela Volkswagenen tokian tokiko kontaktu puntuetan. Gainera, tokiko kontsumitzaile elkarteei jakinarazten ahal diote. “Dieselgate kasuaren” ondotik, 2016ko irailean taldeak ekintza plan bat aurkeztu zuen batzordean kaltetutako ibilgailuen konponketa bermatzeko eta kontsumitzaileei informazio zuzena emateko prozesuan arazorik sortuz gero. Bere aldetik, Batzordeak homologazio arauen errebisio bat bultzatu du 2020tik aitzinera errebisio deiak agintzeko.