GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Krimen bidezkoena


Euskal Herriak denbora kontra duela entzun diot lagunari. Biribil-biribil esanda, ñabardurarik gabe. Ezin izan diot tentazioari eutsi eta erantzun egin diot: bizitzan denboraz motz dena tormentuz lepo dago. Erretzen gaituen sua delako denbora. Ezin dugulako gure etorkizuna zehatz-mehatz erabaki, ez daukagulako etorkizun zori-garbi baten edabe magikoa. Baina erabaki dezakegu nola egin nahi diogun aurre denborari, zein jarrerarekin, eta, aukeran, integritatea sekula galtzeke.

Denbora kontra dugula? Kontra badugu, dena presaz, itolarrian egitea beste erremediorik ez dago. Eta alde badugu, lasai-lasai, patxada ederrean, bertan kieto gozo egon gintezke betiko. Nik uste, baina, denbora sekula ez dugula ez alde ez kontra ere. Gure denbora (eta lekua) hartu eta hartaz jabetu behar dugula, iraganaren nostalgia merkea baino esperientzien balioa kontuan hartuz. Oraina beti lanabes, ez bere baitan helburu, eta, etorkizuna, ardatz. Hartara, denbora hiltzea, munstro hori akabatzea baino krimen arrunt eta legitimoagorik ez dago.

Denbora kontra dugula? Erantzun biribila eman beharrean, beste galdera hauek erantzuteko denbora bat hartzea gomendatu diot lagunari: «Euria egiten duenean haizea bustitzen al da? Zebrak marra beltzak dituzten asto zuriak ala marra zuriak dituzten asto beltzak dira? Zenbat porrot falta zaizkigu garaipena lortzeko? Zergatik uste dute poetek mundua salbatu dezaketela? Isurtzen ez diren malkoak nongo lakutan biltzen dira? Tristurarantz doazen erreka ikusezinak dira?». Erantzunaren zain nago, nire ordularian eternitatea puntu-puntuan den honetan.