2018 ABU. 04 IKUSMIRA Neska-laguntzearen ohitura eta beharra Amagoia Mujika Kazetaria Nire dultze morena eskutik helduidazu eta zure etxera laguntzen utzidazu. Balsean irri, soroan xirri, dena ilun zen. Mila izarri, begira sarri, ez du iluntzen, neska-laguntzen. Urrun bizi zarenez sentitzen naiz zorteko, denbora gehiago dut zurekin egoteko...». Esne Beltzak kantatzen duenez, neska-laguntzearena aspaldikoa da. Gure aurreko belaunaldiek ederki dakite. Garaiko moral estuaren ondorio den arren, pentsatu nahi dut aukeratutako konpainia zeukanak gozatu egiten zuela bideaz, berdin gizon zein emakume. Irriak eta zirriak gustukoak direlako baimenduak eta bilatuak direnean. Ez genuke ahaztu behar. Izan ere, sexua emakumeentzat leku arriskutsua dela erakutsi digute, belaunaldiz belaunaldi. Kontuz, adi, erne ibili beharraren obsesioarekin, ez ote gara ahaztuko gozamenaz eta plazeraz. Tristea litzateke. Neska-laguntzearenak indarrean segitzen du. Beti izaten da kuadrillan etxera laguntzeko prest dagoenik, badaezpada. Herri batzuetan, gainera, brigada moreak antolatzen dituzte, etxerako bidean laguntza nahi duenari begira. Taxilari batzuek ere emakumea etxeko atarira sartu arte itxaroten dute. Eta autobus batzuek gauez bakarrik dagoen emakumeak eskatutako tokian egiten dute geldialdia. Primeran, tamalez dena da beharrezkoa. Baina, amorru pixka bat ere ematen du horrela ibili beharrak. Hori askatasunetik oso urrun dago. Onena, sanoena, gure kaleak eta bazterrak edozein ordutan eta egoeratan seguruak izatea litzateke. Asko falta da horretarako, baina lan norabide hori ez genuke ahaztu behar.