2018 ABU. 08 IKUSMIRA Ortuaren pedagogia Amalur Artola Kazetaria Hamasei tomate landare aldatu ditu etxeko balkoian. Goizero-goizero, landare bakoitza behar bezala ureztatzera ailegatzeko, Tetris bat bailitzan ontziak batera eta bestera estrategikoki mugitu behar dituela kontatu digu, besoekin gora-behera eta ezker-eskuin mugimenduak eginez. Ordu erdiko prozesua, denera. Albotik, barre egiten dio mutil lagunak, Amazoniako landaredia guztia etxean sartu behar ote duen galdetuz, eta, honi begi bazterretik begira, letxugarik jarri ez izanaz damu dela eta ortu bertikala nola atondu pentsatzen ari dela iragarri digu (dio) baratzezain berriak, egin daitekeen irribarre ederrenarekin: begietan islatzen den irribarre horrekin. Badakit ez dela Miramar jauregian egon, baina agian baietz begitandu zait. Edo agian irratian entzungo zuela EAThink proiektuaren berri. Udako Unibertsitatearen barruan aurkeztu dute elikadura burujabetza lantzeko ikasmateriala garatzea helburu duen proiektua. 0 km-az aritu dira, ekologiaz, kontsumo kontzienteaz, elikadura osasuntsuaz, eta hori guztia ikasgeletara eramatearen garrantziaz. Ez dut nire laguna imajinatzen etxeko sukaldean kafe kikarari begira, Kolonbiatik Euskal Herrira zenbat kilometro dauden zenbatzen. Baina irudikatzen dut eguneroko zurrunbiloari ebatsi dion ordu erdi horretan pinporta berdeak zelatatzen, salda bordelesa eta bacillus thuringiensis ekologikoak diren ikertzen, tomateak noiz gorrituko itxaroten (eta itxaroten ikasten), egindako lanaren fruituak tokatzen denean biltzen eta barazki bildu berrien zaporeaz harritzen. Ortuaren pedagogia ez da gaur goizekoa. Ez dezagun herdoilak hartzen utzi, ez eskoletan, ez etxean.