GARA Euskal Herriko egunkaria
ZUBEROAKO LANBIDEEN GIDALIBURUA

GAZTEAK ZUBEROATIK JOAN EZ DAITEZEN, «XIBEROKO LANBIDEEN GIDALIBüRüA»

ZUBEROAKO GAZTEEK BERTAN BIZI ETA LAN EGIN DEZATEN BITARTEKOAK ESKAINTZEKO SORTU ZEN AZIA GAZTE ELKARTEA. PASA DEN UDABERRIAN «GAZTEEI ORIENTATZEN LAGUNTZEKO» GIDALIBURU BAT ARGITARATU ZUTEN, ETA ORAIN, UDAKO SASOIA BALIATUZ, GIDA EZAGUTARAZI ETA KONTZIENTZIAZIO LANA EGITEKO HITZALDIAK ESKAINTZEN ARI DIRA HERRIZ HERRI.


Pasa den apirilaren 7an aurkeztu zuten “Xiberoko Lanbideen Gidalibürüa” Gotaine-Irabarneko jauregian. 80 pertsona bertaratu ziren, «gazteak, hautetsiak, enpresariak... ahalik eta sektore gehien ordezkatzen duen jendea deitu genuen», adierazi zuten Azia elkarteko kideek.

Egindako lana aurkeztu ostean, erabilitako metodologia, estatistika ekonomikoak, Zuberoako ekonomiaren nondik norakoak eta ateratako ondorioekin osatutako diagnosia ere aurkeztu zituzten. Larunbat goiz osoa hartu zuten gida aurkezteko, baina merezi izan zuen, antolatzaileen esanetan gidak harrera oso ona izan baitzuen eta asko izan baitziren egindako lanagatik zoriontzera gerturatu ziren herritarrak.

Orain gauza bera egiten ari dira, uda sasoian, alegia herriz herri aurkezpenak egiten dituzte «gida ezagutarazi eta jendea kontzientziatzeko». Zuberoatik kanpo hitzaldiaren bat eskaini dute jada, Baionan kasu, baina gidaliburua zuberotarrei begira egindakoa denez, eskualdean indar berezia egin nahi dute. Horregatik, uda honetarako lau bilkura antolatu zituzten.

Udako lehen hitzaldia uztailaren 18an egin zuten Liginaga-Astüe herrian. Pasa den abuztuaren 2an, berriz, Barkoxen egin zuten aurkezpena, eta hurrengo bi hitzaldiak Lakarrin eta Idauzen izan eta izango dira, abuztuaren 16an eta 29an.

Zuberoa eremu emankorra

Gidaren egileek aitortu zutenez, zenbait datuk harridura sortu zuten haiengan eta aurrez espero ez zuten ondorio bat atera zuten azterketaren amaieran, hots, «Zuberoa ekonomikoki eskualde emankorra dela».

Ordea, emaitzak aurkeztearekin ez da nahiko, ondorio horretara nola iritsi diren ere agertu behar da eta horretarako datu bilketa mamitsua egin behar izan zuten. Gero datu guztiak sailkatu zituzten diagnosi txukun bat egin ahal izateko, eta azken emaitzak lan mardul horren ostean etorri ziren.

Hiru sektore nagusiak nekazaritza, industria eta zerbitzuak dira, baina ikerketen arabera, badira azken urteetan gora egin duten lan arlo zehatzak. Hala nola lanpostu gehien eraikuntzan, laborantzan, industrian, osasungintzan, pertsonen zaintzan, lantegi sustapenean eta ikerketa arloan sortu dira.

Kontzientziazioa

Uda honetan proiektua ezagutarazten eta jendea kontzientziatzen jarraitzeko bost hitzaldi antolatu zituen Azia elkarteak. Bilkuren formatua apirileko aurkezpenean erabili zuten berbera da, baina hitzaldi bakoitzean gai guztiak landu beharrean, gai zehatz bakar bat lantzen dute, horrela gehiago sakontzeko aukera baitute.

Opor garaia lanean jarraitzeko baliatu dute, beraz, Aziako kideek, izan ere, ikasturte berria hasterako etxeko lanak eginda izan nahi dituzte. Horrela, irailetik aurrera martxan jarriko dituzten beste zenbait egitasmo ere badituzte esku artean.

Lehenik, gidaliburuak banatuko dituzte ikastetxe publiko eta eraikin publikoetan. Haien Interneteko gunea ere baliatu nahi dute informazioa zabaltzeko (http://www.azia.xyz), eta horrez guztiaz gain, diru bilketa parte-hartzaile bat ere egingo dute, zeren «aurrera begira gida eguneratzen, egokitzen eta elikatzen jarraitu ahal izateko dirua behar da», azaldu zion GARAri Elodie Recaldek, Azia elkarteko ordezkariak.

Helburua, urtero gida eguneratu eta bost urtean behin gidaliburu berria argitaratzea da. Baina batez ere, «proiektua biziarazi nahi dugu, eskoletan txertatu, tailerrak antolatu, enpresari, irakasle eta gurasoekin lan egin, haiek ere gazteei orientatzen lagun diezaieten».

Izan ere, gida honen helburua horixe da, orientazioan laguntzea alegia. Recalderen iritziz, gazteek erabaki bat hartu aitzin informatzeak berebiziko garrantzia du. Honela esplikatzen du Aziako kideak haien lana zertan den: «Gazteak kanpora joaten dira ikastera eta lortutako diplomak ez die hemen lan egiteko balio; beraz, nahiz eta hemen geratu nahi izan, kanpora joan beste erremediorik ez daukate. Ondorioz, erabakia hartu aitzin informatu nahi ditugu, zein ikasketa egin behar dituzten hautatzeko momentuan eskualdean bertan ikasketa eta lanbide mailan zein aukera diren jakinarazi, etorkizunera begira bertan lan egin eta bizitzen jarraitu nahi badute zein aukera izango dituzten aurreikus dezaten».

Gida aurkeztu zutenetik, «eskualdean bizi den jendeak edo bizitzera etortzeko asmoa duen jendeak kontaktatu gaitu», azaltzen zuen Recaldek, baina ohartarazten zuenez, «jendeak gida eskuratu nahi du lanpostu bat lortzeko itxaropenarekin, baina gidan ez dago lan eskaintza zuzenik, lana zein arlotan topa dezaketen jakiteko laguntza eskaintzen da eta kasu batzuetan informazio lagungarria eskain dezakegu, baina ez da lan-eskaintza iragarkien taula bat».

Zuberoan lan eta bizi

Gidaliburu honen jatorria zein elkartearen oinarria antzekoak dira, «Zuberoako gazteak kanpora joaten dira, baina eskualdean bertan bada aukera anitz». Horregatik sortu zen Azia elkartea duela hogei urte. «Ikusi zen Zuberoa emeki-emeki hustuko zela gazteak joaten baziren; beraz, tresna bat eskaini behar zitzaien gazteei Zuberoan geratzeko nahia izan zezaten», argitzen zuen Joana Hoqui elkartekideak, Kanalduden egin zuten mahai-inguru batean.

Lehen urrats esanguratsua Gazteentzako Aurrezkirako Lekuko Taldea (GALT) sortzea izan zen. Talde honen eginbeharra dirua bildu eta enpresak sortu nahian zebiltzanei laguntza ematea zen. Mailegu txikien bidezko sistema honek oraindik indarrean dirau.

Beste urrats esanguratsu bat 2012an eman zuten. Lurraldeko diagnosi bat egin zuten eta bi datu kontrajarrirekin egin zuten topo. «Konturatu ginen, batetik enpresek lanerako jenderik ez zutela topatzen, eta bestetik, gazteak joan egiten zirela lanik topatzen ez zutelako; beraz, enpresak eta gazteak lotzeko bitarteko bat behar zen», egin zuen gogoeta Recaldek.

Diagnosi hartatik ideia bat atera zen eta egitasmo berri bat jarri zuten martxan, «Zuberoako Ofizioen Gida» eta 2015ean gida finantzatzeko laguntzak eskatzen hasi ziren. Recalde lan horretan buru-belarri aritu zen: «Departamendua, Erregioa, Udalbiltza, Euskal Elkargoa... ate guztiak jo genituen, eta horrez gain, 2017an diru bilketa berezi bat egin genuen; horri guztiari esker gauzatu ahal izan da proiektua, haien laguntza gabe ezinezkoa litzateke».

Lapurdi versus Zuberoa

Euskal Herrian orain gutxi arte gorantz egin zuen hazkunde demografikoak, baina azken urteetan beheranzko joera hartu du, Ipar Euskal Herrian izan ezik; izan ere, Lapurdi da gero eta biztanle gehiago pilatzen jarraitzen duen herrialde bakarra. Ordea, biztanleria gehien galtzen ari den Euskal Herriko herrialdea Zuberoa da. Hortaz, Euskal Herrian hazkunde gehien zein galera gehien izaten ari diren bi eremuak, Lapurdi eta Zuberoa, elkarrengandik oso gertu egon arren, kontrako zentzuan doaz.

Azken hogei urteetan Lapurdik 40.000 biztanle gehiago hartu dituen arren, Zuberoan biztanleriak behera egin du eta gazteek kanpora joatea erabaki dute (gazteriak %16,9 behera egin du). Kontuan hartu behar da, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %14 baino ez dela bizi barnealdean.

Azken hamarkadan Lapurdik hazten jarraitu du (%7,6) eta Gaindegiako azterketen arabera 2030. urtera arte hazten jarraituko du (%10,2). Beste muturrean Zuberoako datuak daude, biztanleriak %5,9 egin du behera azken hamarkadan eta 2030. urtea bitartean %13,9ko galera izango duela espero da.

Azken bost hamarkadetan Lapurdiko biztanleria bikoiztu egin da, Zuberoan jaitsi eta Nafarroa Beherean berdin jarraitu du. 1990. urtetik ia 100.000 biztanle hartu dituen lurraldea dela kontuan hartuta, Lapurdiko hazkundea sekulakoa dela esan daiteke. Horregatik, Lapurdiren eraginez, Ipar Euskal Herriko joera orokorra goranzkoa da eta 2013. urterako 320.000 biztanle izatea espero da.

Lanari dagokionez, Lapurdin lanpostu gehienak zerbitzuen sektoreari lotuak dira; Zuberoan, aldiz, eremu honetan atzerakada izan da, baina beste sektore batzuk indartu dira. Hala ere, oraindik zerbitzuen saila da esanguratsuena Zuberoan (%40), jarraian industria (%24) eta azkenik laborantza (%15).

Zuberoako langabezia tasa %7,1ekoa zen 2014an, Estatu frantsesekoaren erdia (%14). Egungo datuen arabera, lanpostu bat duten zuberotarren %93 Zuberoan bizi da eta ari da lanean.

Ikus daitekeenez, argi-ilunak daude eta Azia elkarteko kideek, gidaliburua esku artean dutela, aukeren berri eman nahi diete Zuberoako gazteei, urtez urte datuak hobeak izan daitezen eta argi gune gehiago izan dadin.