2018 IRA. 07 Erremontea Txapeldunarekiko aldeak, inoiz baino murritzagoak «Urrizari irabazterik badagoela» erakutsita eta partidarik galdu gabe helduko da Uterga biharko finalera. Jon ORMAZABAL Azken bost txapelak errenkadan irabazita, nolabaiteko «garaiezin» jantzi bat eraman du soinean Javi Urrizak. Julen San Miguelek 2014ko finala irabazi zionetik, partida bakarra galdu du iruindarrak, orain hilabete eskas Xanti Utergaren aurka ligaxkan (30-27), baina emaitza horretaz harago, sekula baino zailagoa egin zaio biharko finalerako bidea. Hala ere, dirua bere alde irtengo omen da, partida handietan berme osoko pilotaria baita txapelduna. Xanti Utergak, aldiz, «txapelketa perfektua» egin du orain arte, partida guztiak irabazita, tartean Urrizaren aurkakoa, finalerdiak jokatu beharrik gabe, zuzenean sartu zen finalera eta animoz gainezka heldu da. «Aurten erakutsi dut badagoela Urrizari irabazterik. Finala galduta dagoela uste izango banu ez nintzateke etorriko. Nire aukerak ditudala badakit, oso zaila dela ere bai, eta gauzak lasai eta ongi egitera eta nirea ematera etorriko naiz. Hori egitea lortzen badut, nire aukerak izango ditut», azaldu zuen doneztebarrak, faborito papera aurkariaren bizkar gainean utziz. Azken lau urteetan elkarren aurka jokatuko duten hirugarren finala izango da biharkoa Urriza eta Utergarentzat, eta aurreko bietan, 2015 eta 2017an, iruindarra atera zen garaile. Aurten sekula baino gertuago ote daude? «Ez dakit, oso zaila da Utergaren aurka bi aldiz jokatu eta biak irabaztea, baina ni intentzio guztiarekin eta konfiantzarekin joango naiz. Kantxan gozatzen ari naiz eta ea finalaren egunean hori egiterik dudan», azaldu zuen. Hori bai, orain arteko ibilbidean ez du horren indartsu ikusi bere aurkaria. «Endikaren aurkako ligaxkakoan kenduta, beste partidetan beti izan ditu bere une txarrak eta saiatuko gara horiei etekina ateratzen». Behetik gora Javi Urriza inoiz baino meharrago dago, bi kilo galdu omen ditu eta horri egozten diote zale askok bere kolpean aurten sumatu ez duten dirdira berezi horren falta. «Lehen partidan oso deseroso egon nintzen eta, gainera, ez nintzen txispa egokiarekin heldu. Partida asko jokatzetik nentorren, behar bezala entrenatu ezinda eta nik uste dut pixkanaka gora egin dudala, eta uste dut txapelketako unerik egokienean heltzen naizela finalera», esan zuen txapeldunak. Horrexegatik, Endikaren aurka finalerdia jokatu behar izateak kalte baino, mesede gehiago egin diola iritzi dio, ligaxkako azken partida erraz samar irabazi baitzion Endikari berari eta finalera begira prestakuntza ona izan delakoan dago. Finaletan akatsik ez egitea izaten da gakoetako bat, baina Utergak ez du bere ohiko joko oldarkorra alde batera uzteko asmorik. «Arriskatzera joango naiz, beti bezala. Hori da nire jokoa, nik horrela disfrutatzen dut eta uste dut ni ikustera etortzen denak ere hori ikusi nahi duela, nire bi paretak eta joko bihurri hori», adierazi zuen. Buruz buruko lehia guztietan bezala, sakea izugarri garrantzitsua izango da. Iaz min handia egin zuen lehen pilotarekin Urrizak eta aurten ere horretan ahaleginduko da. «Hemen ez da sekreturik, zuk eman ezean jasotzea tokatzen zaizu». Bi estelarreko asteburua Ruizentzat Lekeitioko torneoa amaituta, esku pilota profesionalak nolabaiteko atsedenaldia hartuko aste honetan lehiaketa garrantzitsuei dagokienez eta, asteburuko karteldegiari begiratuta, Aspek Pedro Ruiz errioxarrari emango dizkion aukerek ematen dute atentzioa. Izan ere, gaur Lezaman eta igandean Villamediana de Ireguan programatutako jaialdietako estelarretan programatu baitute profesional mailan oso denbora gutxi daraman atzelaria. Gaur, Ezkurdia lagun duela, Elezkano II.a-Martijaren aurka arituko da eta igandean, Altuna txapelduna lagun, Ezkurdia eta Martija izango ditu parean. Asteazkenean itxura ona eman zuen etxean jokatutako partidan eta badirudi Aspeko teknikariek erronka handiagoetan probatu nahi dutela. Binakako txapelketari begira, David Merinoren hutsunea bete dezakeen atzelariaren bila dabiltza eta San Asensiokoa nola molda daitekeen ikusi nahiko dute. J.O. EGUNEKO JAIALDIA Belauneko arazoak gaindituta, gorantz egiten ari den aurrelaria da Ansa II.a eta, Barrenetxea IV.a lagun, garaipen polita eskuratu zuen atzo, 27-40, Zeberio II.a-Endikaren aurka eguneko estelarrean.