2018 IRA. 10 TRAIL Uxue Fraile donostiarra UTMB-ko garaipenetik bost minutura geratu zen Sona handia duen Ultra-Trail Mont Blanc lasterketan (170 km) korrikalari gipuzkoarra, 2015. urtean bezala, bigarren postuan sailkatu zen. Mutiletan, Javi Dominguez gasteiztarra hamargarrena izan zen. Andoni ARABAOLAZA Trail munduan, ultra distantzian, Chamonixen antolatzen den Ultra-Trail Mont Blanc lasterketa oso entzutetsua da. Munduko lasterkari sasoikoenek Chamonixeko irteera puntuan egon nahi dute 170 kilometro eta 10.000 metroko desnibela duen ibilbidean lehiatzeko. Eta horien artean, jakina, euskal ordezkariek ez dute hutsik egiten. Aurtengo ekitaldian, hilaren lehenean jokatu zen lasterketan, pare bat protagonista izan ditugu. Nesken mailan, Uxue Frailek bigarren egin zuen. Eta mutiletan, Javi Dominguez hamargarrena izan zen. Irakurtzen denez, Frailek goi mailako postua lortu zuen; 2015. urteko edizioan bezala. Baina azpimarratu behar da azken honetan irabazlearengandik soilik 5 minutura heldu zela. Kontuan hartzeko beste datu bat emango dugu. Donostiarrak ia urte eta erdi zeraman korrika egin gabe; izan ere, 2016. urteko abenduan min hartu eta ebakuntza-gelatik pasatu behar izan zuen. Frailek 26 ordu eta 3 minutuko denbora egin zuen, eta lortutako postuari buruz honakoa azaldu du: «Pozarren nago; izan ere, Chamonixen bigarren geratzeak egundoko oihartzuna du. Penaz diot, baina badirudi bigarren postu horrek beste lasterketa bateko garaipenak baino askoz ere garrantzi handiagoa duela». Garaipenetik gertu Ibilbideak dituen 170 kilometroetan izaniko jardunaz Frailek adierazi du garaipenetik gertu izan dela: «Alabaina, garaipen bat bezala hartu dut. Eta hori aipatzen dut lesio bategatik urte eta erdi geldirik egon naizelako. Hasieran hamar lagunez osatutako tropela osatu dugu. Oso sendo nindoan. 30 kilometroan bigarrena nintzen; niretzat ezustekoa zen. Ondoren, postu batzuk galdu nituen, baina berriro aurrera egin eta berreskuratu nituen. Champex-en hirugarrena nintzen eta estutzea erabaki nuen. Estresatu egin nintzen, baina bigarrena harrapatu nuen. Azken kilometroetan aurrera begiratu baino atzekoekin arduratuta nengoen». UTMBn eginiko jardunaz harro dago gipuzkoarra: «Lasterketa osoan ez naiz erabat ondo sentitu, baina uste dut nire ibilbideko lasterketa onenetarikoa izan dela. Bi bigarren postu sinatu ditut eta gustatuko litzaidake hitzordu hau irabaztea. Baina 44 urte ditut». Mutiletan, Dominguez hamargarrena izan zen; irabazlearengandik 2 ordu eta 42 minutura helmugaratu zen. 2013an hirugarren postua erdietsi zuen. UTMB Hilaren hasieran Chamonixen jokatutako Ultra-Trail Mont Blanc lasterketan Uxue Frailek bigarren postua erdietsi zuen. Mutiletan, Javi Dominguez hamargarren postuan sailkatu zen.