GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
JEAN-LOUIS DAVANT
IDAZLEA

«Euskara aurrera ateratzekotan batu egin behar zen»

83 urteak beteak ditu baina burua eta mingaina bizkor dabilzkio. 54 urte atzera egin eta gaurkoak balira bezala oroitzen ditu orduko gertaerak. Baionako Biltzarraren bultzatzaileetako bat izan zen. 1964 hartan ametsik onenean ere ez zuten irudikatu, ajeak aje, gaur euskarak duen egoera biziko zuenik. Bihar Baionako ekitaldian izango da garai haiek gogoratuz.


Baionan 1963tik 1964ra, zortzi hilabetez, hilero bildu zen idazle talde bat. Euskara batua zuten amets eta haren alde lanean tinko aritu ziren. Jean-Lois Davant (Ürrüstoi-Larrabile, 1935) izan zen haietako bat.

Atzera begira jarri da 1975etik euskaltzain osoa dena. Frankismoaren menpe dago euskal gizartea eta euskararen alorrean zatiketa da nagusi. «Euskara euskalkika zatitua zen. Gainera, ofizialtasunik ez zuen ez Hegoaldean, ez Iparraldean. Irakaskuntzan oso toki eskasa zuen eta fama handirik ere ez. Mintzatzen zuen herriak, jende xeheak nagusiki, eta politikariak, abertzaleak barne, erdaraz mintzo ziren. Gaur alderantzizkoa gertatzen da, baina orduan alderdi abertzale nagusia PNV zen eta horko buruzagi gehienak erdaraz mintzo ziren», gogoratu du zuberotarrak.

Ingurumari hartan Euskaltzaindia ere, berdin, zatitua. «Nagusiki giro kontserbatzailea zen. Azkuek proposatzen zuena zen gipuzkera osatua. Baina ez zuen lortu. Batzuek lapurteraren alde ziren, lapurtera klasikoaren alde. Bereziki Krutwig hala zegoen, baina hor badago anbiguotasun handia, harentzat lapurtera klasikoa Joanes Leizarragak moldatu zuena baitzen, bere ‘Testamentu berria’-n. Aldiz, Iparraldekoontzat lapurtera klasikoa da Axularrena, eta hori nagusitu zen, luzaz fama handiko euskalki bezala bizirik egon dena, bereziki Iparraldean, Nafarroako zati batean eta bizkaitar batzuen gogoan ere bai», nabarmendu du.

Bizkaiera ere defendatzen zutenez galdetuta, zera dio: «Bai, hala da, baina Bizkaia bazterrean dago, nahiz bazter handi bat den».

Desadostasunak desadostasun, bazen euskara baturanzko pausoak ematen ari zenik, «bereziki idazle gazteen eta euskaltzain urgazleen artean. Beren kasa hasiak ziren zenbait, izen nagusiak Aresti, Mirande eta Peillen ziren. Aresti hasi zen bere gisako batu bat moldatzen eta franko ederki, Mirandek lapurteraz idazten zuen eta Peillenek, berriz, zubereraz eta gipuzkeraz».

Eta Txillardegi, non kokatzen zen? «Erdigunean, berak ireki zuen bidea. Euskaltzain urgazlea zen, bi aldiz egin zizkion proposamenak Euskaltzaindiari idatziz eta ez zuen ezer lortu. Azkenean, asperturik, bere kasa bidea irekitzea erabaki zuen. Horrela egin zuen. Euskara batuaren lehendabiziko oinarriak egin ziren ez Arantzazun, lau urte lehenago baizik, Baionako Biltzarrean».

Txillardegik berak luzatu zion Davanti Euskal Idazkaritza taldean sartzeko gonbita. «Nik 1958tik ezagutzen nuen. Donostian ezagutu nuen bera eta haren emaztea, Jone Forkada, Xarritonen bitartez. 1961ean Iparraldera etorri zen eta Xarritonek babestu zuen bera zuzendari zen Institutuan, eta ni han lanean hasi nintzen. Gero Belgikara lekutu eta handik urtebetera itzuli zen. 1963an Hazparren lantegia ireki zuten Benito del Vallek eta Madariagak», gogoratu du.

Txillardegiren kezkez galdetu diogu. «Euskara aurrera ateratzekotan batu egin behar zen. Euskaldun guztiok euskaraz elkar ulertu behar genuen». Aldiz, euskara batuaren aurka zeudenen aldarria, «euskalkiak landu behar zirela, artifiziala izango zela». Bi planteamendu arras desberdin aurrez aurre.

Arrasateko gertakizun bat dakar gogora. «Aspaldi han egin zen biltzar batean bizkaitar batek oso gogorki kritikatu zuen euskara batua, baina euskara batu bikain batean egin zuen. Ez nuen polemikarik piztu nahi izan, ez baitzen hura egun hartako gaia, baina harrigarria da, biziki euskara batu ederrean egin zuen [barrea]. Zertaz ari gara? Hor egoten dira pertsonalismoak, bekaizkeriak… ez dakit», esan du.

“Enbata” aldizkariaren eta izen bereko alderdi politiko abertzalearen sortzaileetakoa izan zenak gogoan ditu bere alderdiaren lokalean nola bildu ziren, ia urtebetez. «Zortzi kide bildu ginen hilabetero. 1963ko azarotik 1964ko uda bitartean, zortzi aldiz bildu ginen».

Eta Txillardegi, gidari. «Aditu bakarra bera zen, besteok gramatika bat bazegoela bagenekien, baina ez askoz ere gehiago. Praktikan ohituak ginen, baina ez teorian. Denok elkarrekin lan egin genuen, baina Txillardegik zuen gehienik ekartzen. Berak aldez aurretik pentsatua zuen, guk, aldiz, ez».

2013an, antiguatarraren hilberriaren txostenean horrelaxe esan zuen eta berretsi egin du: «Koldo Mitxelena izan zen euskara batuaren aita pontekoa. Baina aita, Txillardegi, hori garbi dago».

Bakoitza bere euskara zabaldu nahian ari zen. «Nik zubereraz idazten nuen, nafar-lapurteraz eta lapurteraz ere bai, eta Gipuzkoari buruz ireki nahian nenbilen. [Telesforo] Monzonek Bergarako bizkaiera zuen oinarri, baina gipuzkera menderatzen zuen, noski. Eta Lapurdin bizi zenez, lapurtera ere bai. Hirurak nahasten zituen bere idazkietan. Bera ere baturantz abiatu zen bere kasa».

Eta deialdi zabala egitea erabaki zuten. Hitzordua, ordura arteko bilerak egindako toki berean, Euskal Idazkaritzaren egoitzan. «Euskaltzaleak, irakasleak eta idazleak gonbidatu genituen kazeta bidez».

Egun berezia izan zen davant-darren etxean. Ez du berehalakoan ahaztuko. «Ni presaka ibili nintzen, haurra jaiotzear zen-eta. Hazparnetik Baionara presaka joan nintzen, irekitzeko hitzaldia egin nuen eta berriz presaka etxera! Gure lehen alaba zen, iruditu zitzaigun bazetorrela, baina gauera arte ez zen sortu [barreak]. Eguna airean pasa genuen. Iruditu zitzaidan publiko polita bazela».

Baionako lantaldea osatzen zutenen arteko giroaz galdetuta, «serioa, baina tentsiorik gabekoa» izan zela dio. Hasieran ez zen tirabirarik egon, baina gauzak 1964ko udan aldatu ziren. «Beharrik gauza egina bezala zegoen ordurako. ETAk bere politika gogortzea erabaki zuen, eta alderdi jeltzaleak oso gaizki hartu zuen. Gauzak mindu ziren. Baina ordurako trena martxan zegoen».

«Baionako Biltzarrean ireki genuen bidea eta hor finkatu oinarriak hartu zituen bere gain Arantzazukoak», jarraitu du. «Adibidez, ortografia, deklinabidea, aditzaren lau denbora nagusiak, izan eta eduki aditz laguntzaileentzat, eta ‘h’–dun hitzen zerrenda. Hauek izan ziren lehendabiziko oinarriak. Hortik abiatu zen dena».

Bi alderdi nagusien arteko adostasuna ere etorri zen. «Koldo Mitxelenak bedeinkapena eman zien, beharrik, eta horri esker PNV isildu bederen egin zen eta alderdi hartan gazteenek beren gain hartu zuten euskara baturako bidea. Ezker abertzaleak ere bai, nola ez, hura baitzen bultzatzailea».

Ezin ‘h’-aren polemika bizia aipatu gabe utzi. «‘H’ letrak grekoz ‘eta’ esan nahi duenez, ETA erakundearekin identifikatu zuten batua orokorki, batuaren kontrakoek. Hiru alderdi abertzaleetako ordezkariak hor ginen, Txillardegik hori hala izan zedin bilatu eta lortu zuen. Koldo Mitxelenak, Baionako Biltzarraren aitzin, Txillardegiri idatzi zion esanez proposamenak onak zirela, behar zirenak. Eta diferentzia gutti zuela horrekilako, baina zoritxarrez Euskaltzaindian giroa ez zela aldekoa. Ez zela memento ona. Baina gero, Baionako Biltzarrak bidea bortxatu zuen».

Eta Euskaltzaindiak zer zioen mugimendu hartaz guztiaz? «Ez ziguten kasurik egin, salbu Piarres Laffitek, bera Baionako Biltzarrean egon zen. Hark gure lana babestu eta Euskaltzaindira eraman zuen. Lartzabal ere euskaltzain oso egin zen. Eta haiek biak gure alde zeuden, baina Arantzazukoa behar izan zen bidea zinez irekitzeko». Davant ez zen biltzar famatuan izan. «Ez dut gogoan zergatik», esan du.

Gaur egun euskarak bizi duen egoera ere hizpide dugu. «Beti negarrez ari gara. Egia da sekula ez dela aski egiten, baina asko egin da eta egiten jarraitzen da. Ez naiz baikorra, ez ezkorra ere».

«Iparraldean bereziki, zinez behera egin du hiztun kopuruak baina hori aldez aurretik bagenekien –jarraitu du–. Hartako ginen abertzaleok borrokan sartu eta baita euskara batuaren aldeko lanean ere. Ez genuen pentsatu, adibidez, hedabide batzuk euskara hutsez arituko zirenik. Ikastolena ere izugarrizko fenomenoa da. Eta beste gauza asko… pastorala bizirik egonen zela eta suspertuz joanen zela, esaterako. Hegoaldean, berriz, euskararen ofizialtasuna baduzue eta halako etsidura ere ikusten dut, hainbeste lan egin eta gauzak ez direlako askorik aldatu. Gazte guztiek euskaraz ikasten dute baina ez gehiegi mintzatzen. Hauxe da erronka nagusiena, mintzatzea. Tresna badugu eta ez dugu aski erabiltzen. Iparraldean frantsesa erabat nagusitua dugu eta euskara katakonbetan bizi da. Gutxiengoa gara baina minoria indartsua, hala ere. %20 militantea da, oso harrigarria da kopurua. Eta abertzale edo euskaltzale guztiak militanteak dira. Eta horiek dute hemengo bizitza guztia markatzen eta markatzen, Zuberoan bereziki, baina ez hemen soilik».

1964ko egun hartan 50 urte geroago daukagun egoera irudikatu ote zuten? «Harritu egingo ginateke, gaur gauza guztiak idatzi eta esan daitezke euskaraz. Hori ametsa zen orduan. Ez genuen pentsatzen hain azkar lortuko genuenik. Hori bederen lortu da. Ez dugu aski baliatzen, baina hori hor dago».

Pena bakarra du, belaunaldi gazteenganako transmisiorik eza, memoriaren etena. «Baina gazteak ez dira beti gazte. Esperantza dut urte batzuen buruan berriz ohartzen direla eta berriz iraganaz jabetzen hasten direla».