GARA Euskal Herriko egunkaria

Unikornio krudelak


Zerbaiten esperoan, orri zuriak bere garbitasun horrekin begiratzen nauen uneotan, itsaso zabalari so egiten diot nik. Berdin dio zein herrialdetan eta hondartzatan nagoen, itsasoa edertasunez zabaltzen baita nonahi, folioak istorio ederrak jasotzeko prest agertzen zaizkigun legez. Baina edertasuna ikara bilaka daiteke berbak irteteke geratzen direnean, itota, bizitzeko aukera eman behar zien orriaren zuria hutsune hotz bihurtuz. Itsasoaren edertasuna ere infernu bilaka daiteke nabigatzeko ontzi egokirik ez duten horien bizitzeko grina olatuen indarrari aurre egiteko nahikoa ez denean.

Uda sasoian asko dira itsasora begira ematen ditugun uneak, baina ezer gutxi ikusten dugu. Aurten, itsasoaren edertasunari begira mutu geratu garen bitartean, egun luzeak eman ditu Mediterraneoak elkartasun itsasontzirik gabe eta ez dago jakiterik zenbat diren itota betiko mututu diren bizitzak. Oztopoak besterik ez dizkiete jartzen haiei eta guk unikornio koloredunak puzten ditugu, gure begiradaz harago gertatzen dena ez ikusteko. Bizitzak salbatzera doazen ontziei debekuak jartzea da politika gizagabe eta krudelaren adierazgarririk latzena. Zain ditugun orri zuriei bizitza emateko izkriba dezagun gurera etorri nahi duten horiei buruz, itsasoaren edertasunean ito ez daitezen, unikornioekin amesteko aukera izan dezaten.