2018 IRA. 22 Gipuzkoako intsinis pinuen osasun txostena, 2016tik eguneratu gabe Intsinis pinua jasaten ari den gaitzak kezkatuta, egoeraren «premiazko» analisi sanitarioa hilabeteren buruan egitea proposatu zuen, atzo, EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Jeltzaleen eta sozialisten aurkako botoekin, bertan behera geratu zen ebazpena eta hiru hilabeteko epea eskatu zuten analisi orokor bat osatu ahal izateko. Ane URKIRI ANSOLA DONOSTIA Intsinis pinudien gaitzaren inguruko kezka Gipuzkoako Batzar Nagusietara helarazi zuen atzo EH Bilduko batzarkide Judit Garciak. Koalizioak pinudien egoera sanitarioaren inguruko txosten baten beharrari buruz eztabaidatu nahi izan zuen, presazko ebazpena aurkeztuz. Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko eta Arabako administrazioekin batera eta Neiker eta Baskegurren parte-hartzearekin, 2017ko urritik dabil Baso Aholkularitza Teknikoko mahai batean egoera aztertu eta honi aurre egiteko planak adosten. EH Bilduren eskaera, ordea, atzera bota zuten EAJk eta PSEk, hau argudiatuta: «Denbora gehiago behar dugu, ez bakarrik alderdi sanitarioa aztertzeko, baita basoak inguratzen dituen beste alderdi asko aztertzeko ere». Gipuzkoako baso-jabeei ere mezu bana helarazi die Aldundiak, bertan nabarmenduz legealdia hasi zutenean jada hedatzen ari zela “banda marroia” gaitza. Hala ere, EH Bilduren harridurarako, analisi sanitario «osatua eta zintzoa» egitearen aldeko ebazpena baztertu egin zuten atzo goizean, aldeko sei boto eta kontrako zazpi jasota. Jeltzaleen eta sozialisten taldeen zuzenketa atera zen aurrera –aldeko zortzi botorekin, bost abstentziorekin eta aurkako botorik gabe–; alegia, basoen azterketa orokorra hiru hilabeteko epean burutzea. Pinu gazteen %40, gaixo EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Talde Misto Popularrak nabarmendu zuten bi eskaerak ez direla kontrajarriak eta koalizio abertzaleak gaineratu zuen gaur-gaurkoz «premiazkoena» analisi sanitarioa egitea dela. «Estimazio batzuen arabera, dagoeneko pinudi gazteen %40 dago gaixorik», zehaztu zuen Judit Garcia koalizioko batzarkideak, ebazpenaren proposamenaren bozeramaileak. EAEn landatuta dauden intsinis pinudien herenak baino gehiago Gipuzkoako mendietan daude, 43.000 hektarea orotara (2016ko datuak, Hazi-ren txostenean jasota). Hau da, Gipuzkoako baso azalera osoaren %30 okupatzen du Pinus radiata espezieak, eta 4.022 hektarea hartzen dituzte 40 urte baino gehiago dituzten intsinis pinuek; EAEn daudenen kasik erdiak daude Gipuzkoan. Hala, Garciaren iritziz, Aldundiaren «bertsio ofizialik» ez edukitzeak bi ondorio posible azaleratzen ditu: «Gobernuan dauden alderdi hauek arazoa estaltzen saiatzen ari dira, denbora irabazten eta arduragabekeriaz jokatzen, edo benetan ez dira jabetzen arazoaren dimentsioaz». Horrez gain, jakinarazi zuen 2016an egin zuten azken txostena 2011ko datuetan oinarritutakoa zela. Aldundiak baso-jabeei helarazitako mezuetan, aldiz, legealdia hasi zuenetik hainbat neurri martxan jarri dituela azpimarratzen du; «baso-jabeei zuzendutako diru-laguntza deialdien aurrekontua asko indartuz egin da guztia». «Pinu zaharrak bota eta berriak landatzeko, gaitzei aurre egiteko tratamenduetarako, pinuak ahultzen dituen beldarraren aurkako airezko tratamenduetarako, etab.», zerrendatzen da bertan. 2018ko irailean gauden honetan, ildo bereko laguntzak eskaintzeaz gain, «bereziki» bi zentzutan jarraituko du lanean: «Gaitz honekiko erresistenteak diren beste espezie batzuekin landaketa berriak sustatuz eta gaitzaren aurkako neurriak ikertuz eta baliozkoak aplikatuz». Bertakoa sustatu Adierazpen horretan, baina, ez da inoiz aipatzen birlandatzea zein espezierekin egiteko asmoa duten eta, aurreko legealdian, Gipuzkoan EH Bildu agintean zegoenekoan (2012tik 2016ra), Mendi eta Naturako zuzendaria izan zen Roke Akizuren esanetan, espezie autoktonoen erabilerak premiazkoa izan beharko luke, batez ere zoru publikoa diren azaleretan. «Orduan baso politika aldatzea proposatu genuen eta aztertu genuen posible izan zitekeela baso publikoen %20 birlandatzea espezie autoktonoekin hurrengo 30 urtean; hau da, 11.000 hektarea inguru», jakinarazi zion Akizuk GARAri, proposamenak izugarrizko burrunba ekarri zuela gogoratuz. Biodibertsitatea aberastu ez ezik, «35.000 jornal atera zitezkeen, lanpostu kopurua zehazteke». Diru-laguntzetan ere aldaketak sartu nahi izan zituzten aurreko legealdian, eta Akizuk nabarmendu zuen 30 hektareatik gorako baso-jabeentzat sekzio berezi bat gordetzen dela. Horrez gain, Eusko Alkartasunako Ingurumen idazkariak argitu zuen 2014an Gipuzkoako basojabeen %10ek jasotzen zituztela laguntzen %90. «Alegia, %40k hektareako 1.000 euro baino gutxiago jasotzen zuten eta %50ek, 1.500 eurotik behera». Gaitz honek ekologian izango duen inpaktuarekiko kezka agertu zuen. Bere hitzetan, «baliabide publikoak erabili behar dira bertakoa sustatzeko eta teknologia bidez aztertu honen aprobetxamendua». Legealdi honetan teknologiara bideraturiko 100.000 euro desagertu dira eta baso ekonomia berri bat aplikatzeari funtsezko deritzo. 43.000 HEKTAREAGipuzkoan 43.000 hektarea daude intsinis pinuz landatuta; hau da, baso lurzoruaren %30 okupatzen dute, eta EAEko pinudien %34 daude Gipuzkoan. 40 urte baino gehiagoko intsinisak %9,35 dira.