2018 IRA. 24 Eskalada 50 eskalatzailek ikuskizuna eman zuten Intxaurrondoko lehian Hilak 16an, Donostiako auzoko Boulder Txapelketa Herrikoiaren bigarren ekitaldia egin zen. Bi maila antolatu zituzten: 14 eta 18 urte artekoa eta nagusia. Lagunarteko giro ederra izan zen. Andoni ARABAOLAZA Intxaurrondoko Boulder Txapelketa Herrikoia ia jaioberria da. Iragan hilak 16an, bigarren ekitaldia izan zuen, eta, oro har izaera horretako hitzorduetan gertatzen den bezala, egun ederra bizi izan zen. Parte hartzaileen kopuruari dagokionez, agian, antolatzaileei arantza txiki bat geratu zitzaien. Eta hori diogu lehen edizioak jokatu berri denak baino parte hartzaile gehiago izan zituelako. Hala ere, 50 eskalatzailek bat egin zuten Donostiako auzoko hitzorduarekin. Lehiakideen kopurua alde batera utzita, aipatu behar da egun biribila izan zela. Giro ederra eta lehia biziak ikusteaz gain, antolatzaileek egitarau oparoa eskaini zuten. Besteak beste, hitzorduaren babesleek zein kolaboratzaileek saltoki modukoa jarri zuten; jakina, eskalada materialarena. Eta slackline desafioa ere izan zen. Hitz gutxitan esanda, Intxaurrondoko Eskalada Taldeak eta Donostiako Xabier Mendizale taldeak, hots, antolatzaileek, pozik behar dute izan hitzorduak izan zuen jarraipenarekin. Gainera, Euskal Herriko hainbat txokotako eskalatzaileak gerturatu ziren. Lehiari dagokionez, bi maila egon ziren: 14 eta 18 urte artekoak eta nagusia. Ohi den bezala, goizean sailkapenak jokatu ziren. Sasoikoenak arratsaldeko finaletara igaro ziren; hain zuzen ere, kategoria bakoitzeko zortzi eskalatzaile. Final estuak Goizeko saioan zehar, Intxaurrondoko hitzordura lehiatzera hurbildu zirenek zortzi blokeri egin behar izan zieten aurre. Egurrezko lau murrutan (bi bloke bakoitzean) estilo ezberdinetako korapiloak askatzen jardun zuten guztiek. Txanda horretan eskalatzen ari zirela, eguerdia baino lehen, eguzkia agertu eta hainbat bloketan “arazoak” sortu zituen. Arratsaldean, berriz, finalistek zorte handiagoa izan zuten; izan ere, zerua lainotu egin zen. Finaleko fasean, launa bloke aurrez aurre zituzten. 14-18 urte bitarteko mailan, nesketan, Lucia Arlanzon izan zen indartsuena; haren atzetik Irati Guenetxea eta Olaia Ventura sailkatu ziren. Mutiletan, Mikel Puyk irabazi zuen. Amets Arbelaiz bigarren izan zen, eta, Oihan Azkarate, hirugarren. Seniorretan, bestalde, Ane Mujika nagusi izan zen; Irati Zabalak bigarren postua eskuratu zuen, eta, Leire Ruiz de Argandoñak, hirugarrena. Eta mutiletan, azkenik, honako podiuma ikusteko aukera izan zen: lehena Unai Etxebeste, bigarrena Ander Huegun eta hirugarrena Xabier Gardeazabal. IRABAZLEAK Mikel Puy eta Lucia Arlanzon izan ziren onenak 14 eta 18 urte arteko gazteen lehiaketan. Seniorren artean, berriz, Unai Etxebeste eta Ane Mujika nagusitu ziren.