2018 IRA. 24 ZIRIKAZAN Sexu-hezkuntza barik, zortearen mende Josebe EGIA Gure lagunartean, zortedunak gara, sarri hitz egiten baitugu sexuaz, tarteka nork bereaz, baina eskuarki praktika fisiko eta emozional gisa, eta hura dakarten harremanez edo hark eragiten dituenez. Oso jardun sanoa deritzot bai egiteari bai normaltasunez aipagai izateari, askatzailea da-eta alde guztietatik, pertsonon artean oraindik ere tabua izaten jarraitzen duen jendarte honetan. Helduon artean isildu samarra, are isilduagoa nerabeak-eta inguruan izanez gero. Noski, halaxe doazkigu gauzak gero, kontuaren gaineko ezagutza oro, sexu-hezkuntza ireki, errealista eta osasungarria izan beharko lukeena, filmen esku utzita; okerrago: porno tradizionalaren esku, zeinetan emakumea objektu hutsa besterik ez den, objektu pasibo eta gutxietsia, gizonen haragikeriarako ontzia, eta sexu-harremana ahal beste posturaz eta ekintzaz beteriko esprint zorabiagarria. Hortik asetzen dute gaztetxoek (eta ez hain gazteek) sexuaren gaineko jakingura, zer den, nola egin behar den, nola jokatu behar duen batek eta nola besteak, gauza finko eta aldagaitza balitz bezala. Hortik hasten dira, konturatu barik, beren fantasiak eraikitzen, eta beren jarrerak eta besteez espero dutena, bururatu ere egiten ez zaielarik Supermanek benetan hegan egiten ez duen bezala telebistako sexu-ikuskizun horiek ere ez direla egiatan inoren etxean gertatzen direnak (eskerrak Jaungoikoari, libra gaitzala halako fikzio osasungaitzaz eta estresaz!). Gero, jakina, esperientziak datoz, errealitatea… eta bide luze samarra izaten da, eta gerta daiteke gutxi-asko mingarria, eta izan daiteke ez aurkitzea, nork bere tokia, eroso eta gozagarria, topatzen duen arte. Baina nork hitz egiten du horretaz guztiaz ozenki, era pertsonalean; nork erakusten du konplexurik barik sexuaren esparruan intseguritate edo beldur minimorik; non dugu gunerik, psikologoarena aparte utzita (eta hor ere, kostata), Superman eta Superwomanen mozorroak kentzeko eta norbere intimitatean gertatzen denaz, edo ez denaz, aske mintzatzeko, guk besteak eta besteek gu epaitu gabe. Ez dugu, motzean, eta gure ondorengoek ere ez dute izango, honela jokatzen jarraituz gero, alegia, sexuarekin zerikusia duen guztian haiek zortearen mende utzita. Zortea, heldu arduratsu eta kontzienteak badituzte inguruan, haiei entzuteko eta erantzuteko prest; zortea, lagunarte sano eta irekia badute, kritiko eta burutsua… filmak gezurra direla dakiten horietakoa.