2018 IRA. 24 TRAIL Silvia Triguerosek irabazi du euskal kutsua hartu duen Tor des Geants Aosta haranean jokatutako 330 kilometroko ultran, korrikalari abadiñarrak iazko bigarren postua gainditu eta errekorra ezarri du: 87 ordu eta 50 minutu. Azken eguneraketa: 2018 IRA. 24 - 06:42h Andoni ARABAOLAZA Trail munduan, ultra distantzian, Italiako Aosta haranean jokatzen den Tor des Geants lasterketak aura berezia du. Ez dugu sentsazionalista izan nahi, baina hitzordu horrek dituen datuak beldurgarriak dira oso. Ibilbideari buruz ari gatzaizkizue: 330 kilometro eta 24.000 metroko goranzko desnibela. Muturrekoa dela inork ez du zalantzan jartzen; izan ere, lehen sailkatuek hiru egun behar dituzte ibilbidea bukatzeko. Amaitzen dutenen kopurua, berriz, parte hartzaileen %60koa da. Eta aurtengo ekitaldian, duela pare bat aste jokatu zen hitzorduan, euskal korrikalari batek protagonismo osoa izan du. Hori, Silvia Trigueros dugu. Korrikalari abadiñarrak irabazi zuen. Gailendu bai, baina uste dugu ez dela ezustekoa izan; ezta gutxiagorik ere. Duela bi urte, bosgarren postuan sailkatu zen. Iaz, berriz, bigarrenean. Eta aurtengoan, irabazlea izan da. Eta, gainera, probako errekorra ere ezarri du: 87 ordu eta 50 minutu. Izenburuan aipatu dugu “erraldoien itzuli” prestigiotsuak euskal kutsua hartu duela. Bada, azken urteotako irabazleei dagokienez behintzat, hala da. Gizonetan, adibidez, 2013. urtean Iker Karrera gailendu zen, eta iaz Javi Dominguez. Triguerosena azken garaipena gehituta, beraz, azken bost urteotan hiru euskal lasterkarik irabazi dute. Erabateko nagusitasuna Bizkaitarra ultra distantziako lasterketetan Europako espezialista onenetarikoa da gaur egun, eta joan den hilak 8an irteera puntuan zegoenean, argi eta garbi zuen zer-nolako lana egin nahi zuen: «Duela bi urteko hitzorduan hilekoa etorri zitzaidan, eta horrek sukarra eragin zidan. Horregatik ez nuen postu hobeagoa egin. Nahiz eta emaitza ez zen txarra izan, iazkoan arantza txiki hori kentzera joan nintzen. Bada, ondo aritu nintzen, baina izaera honetako lasterketotan denetarik pasatzen da, eta, nik, sabeleko mina izan nuen. Ibilbidea ezagutzeak asko lagundu zidan, eta, horri esker, beste estrategia bat antolatzeko modua izan nuen. Eta jokatu berri den azken edizio honetan, azkenik, irabaztea lortu dut». Triguerosek garaipena aipatu du, baina behin hori lortuta azpimarratu nahi izan du ez zela bere helburua: «Lehen bi ekitaldietatik asko ikasi dut, eta bide batez onartu behar dut kontua ez zela irabaztea ala ez. Nire xede nagusia 90 ordutik jaistea zen. Eta 87 ordurekin lortu dut». Hiru egun eta erdiko jarduna, beraz, Triguerosena. Eta irabazteaz gain, beste bi datu azpimarratu beharko genituzke. Lehena da sailkapen orokorrean (neskak eta mutilak) hamabigarren postua erdietsi zuela. Eta bestea, irteera puntutik helmugaraino, hots, lasterketa guzti-guztia, menderatu zuela. Gainera, bigarren zein hirugarren sailkatuei (elkarrekin heldu ziren helmugara) zortzi ordu atera zizkien. Lasterketan eginiko lanaren inguruan, berriz, euskal lasterkariak adierazi du, oro har, oso gustura jardun zuela: «Arestian aipatu dudan bezala, 90 orduko denbora horretatik jaitsi nahi nuen. Erronka zorrotza denez, oso kontzentratuta behar duzu jardun. Eta hala egin nuen. Oro har, ez dut asko sufritu, soilik kolpe pare batekin oinetan eta une zehatz batzuetan beroarekin. Beroa aipatu dudanez, esan behar dut gauean freskatzen zuenez, erritmoa bizkortzen nuela. Baina esan dudan bezala, oro har, gustura aritu naiz». Lasai asko esan daiteke, beraz, Triguerosek lasterketa biribila egin zuela eta estrategiarekin asmatu egin zuela: «Ez nuen beste lehiakideen lanaren mende egon nahi, eta nik nirearekin kontzentratu nintzen. Esan didate 330 kilometro korrika egin ostean, helmugara irribarretsu iritsi nintzela. Jakina, pozarren nengoen!». TOR DES GEANTS Silvia Triguerosek 330 kilometro dituen ultra distantziako lasterketa irabazi berri du. Gainera, errekorra ere ezarri du: 87 ordu eta 50 minutu.