2018 URR. 01 TRAIL Bertikalen euskal lehia nagusiak txapelak banatu zituen Beriainen 216 lasterkari lehiatu ziren Uharte Arakil-Beriain lasterketan; hots, Euskal Herriko Txapelketarako baliagarria den proban. Seniorren mailan, Oihana Azkorbebeitiak eta Beñat Katarainek irabazi zuten. Korrikalariek 30 graduko tenperaturari egin behar izan zioten aurre. Andoni ARABAOLAZA Euskal Mendizale Federazioak trailean antolatzen duen zirkuituaren hitzordu nagusi bat Nafarroara eraman zuen. Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Txapelketari buruz ari gatzaizkizue. Eta lasterketa Uharte Arakil-Beriain izan zen. Nafarroako federazioak, bere aldetik, lurralde horretako txapelketa deituta zuen. Egoera bitxia gertatu zen, beraz. Eta norgehiagoka horretan Hego Euskal Herriko lasterkari sasoikoenetariko batzuek parte hartu zuten. Denera 216 korrikalari agertu ziren irteera puntura; hain zuzen ere, bost kilometro eta 1.000 metroko goranzko desnibela zuen ibilbide gogorrari aurre egiteko. Gogorra, inolako zalantzarik gabe, baina are gogorragoa izan zen beroak benetako protagonismoa hartu zuelako. Bai, lasterketan zehar 30 graduko tenperatura izan zen. Hamargarren ekitaldia zuen Uharte Arakil-Beriain hitzorduak, eta hau joan den irailaren 23an jokatu zen. Lasterketa honek lehiakide asko erakartzen ditu; hots, eskuarki, oso arrakastatsua da. Eta azken edizio hau ez da atzean geratu. Parte-hartzaileei dagokienez, aipatu dugu 216 korrikalari lehiatu zirela. Eta beste batzuek ezin izan zuten izena eman, kopurua beteta zegoelako. Aurtengo euskal hitzordu nagusi horretan makina bat txapela banatu ziren; hain zuzen, bost kategoriatan: seniorretan, promesetan, beteranoetan, juniorretan eta taldekakoetan. Errekorra Ohi den bezala, nagusien edo seniorren mailak arreta berezia izaten du. Nesken mailan, adibidez, Oihana Azkorbebeitiak argi utzi zuen linean zein bertikaletan ondo baino hobeto jarduten duela. Eta hori diogu abadiñarrak bi modalitate horietako txapelak eskuratu dituelako. Lehena, lineakoa, Aloñako Igoeran irabazi zuen, eta bigarrena, aipatzen ari garen Uharte Arakil-Beriainekoa. Ikus daitekeenez, denboraldi honetan oso sasoiko dago; izan ere, dagoeneko hamalau garaipen erdietsi ditu. Eta azken lasterketa honetan, gainera, errekorra ezarri zuen 48 minutu eta 54 minutuko denborarekin. Horrek esan nahi du Maite Zorrozak zuena 33 segundoan hobetu duela. Bigarren sailkatua Majida Maayouf izan zen, eta hirugarrena, Ainhoa Lendinez. Lasterketa bukatu bezain laster, irabazleak onartu zuen oso lehia gogorra izan zela: «Batez ere beroarengatik. Gogorra izan da oso, baina garaipenak zein errekorrak egoera hori leundu dute. Estrategia berezirik ez nuen. Nire bigarren aldia zen lasterketa honetan, eta jakin banekien amaiera gogorra duela. Beraz, zati horretarako indarrak gorde behar nituen». Mutiletan, bestalde, Joseba Diaz gailendu zen 42 minutu eta hiru segundoko denborarekin; Euskal Herriko Txapelketa irabazi duen lehen aldia da. Azkoitiarraren atzetik, bigarren postuan, Iñigo Alzola sailkatu zen, eta hirugarrenean, Asier Larruzea. Beteranoetan Montse Vazquez izan zen indartsuena. Nerea Amilibiak bigarren postua sinatu zuen, eta Izaskun Sanzek, hirugarrena. Mutiletan honakoak izan ziren podiumean: Tedy Garzon lehena, Unai Santamaria bigarren eta Jose Luis Beraza hirugarren. Nahiz eta promesetan lehiatu, Xabier Maciasek nagusien maila berean jardun zuen. Lasterketan seigarrena izan zen, eta bere kategorian, lehena. Borja Zubizarreta eta Mikel Rodriguez haren atzetik sailkatu ziren. Juniorretan, Nagore Uribarri eta Aitor Ajuria izan ziren azkarrenak. Eta, azkenik, taldekako kategorian txapela Zortzietakoak-entzat izan zen. Bigarren taldea: Sestao Alpino-Grafsestao. Eta hirugarrena: Txurregi. HITZORDUA Joan den irailaren 23an, Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Txapelketa jokatu zen. Uharte Arakil-Beriain lasterketan 216 korrikalarik hartu zuten parte.