GARA Euskal Herriko egunkaria
EMAKUMEEN EUSKAL KOPA

Iaz bezala, Araski garaile Van den Adelen eskutik

Gernikarrak baino gehiago izan ziren Made Urietarenak finaleko azken uneetan.


RPK ARASKI 70

L. GERNIKA BIZKAIA 60


Bigarren urtez jarraian, Araskik lortu du Emakumeen Euskal Kopa irabaztea. Natalie Van den Adel buru zela, gasteiztarrek Lointek Gernika Bizkaiaren hasiera indartsuari aurre egin eta atsedenaldiaren ostean buruan jarri ziren. Azken laurdenean, gainera, eroso irabazi ahal izateko adinako aldea hartu zuen Made Urietaren taldeak.

Errotazio zabalagoa izan zuen atzo Araskik, eta baliteke partida hortik ere neurriren batean hautsi izana. Izan ere, gorputza fresko bada, jaurtiketak errazago saskiratzen dira. Bizkaitarrak bikain hasi ziren, 19-27 aurretik jarrita, Dietrick eta Gwathmeyren eskutik. Baina nekea iritsi ahala, gernikarrek gutxiago asmatu zuten; ez, ordea, Araskiko neskek, hirugarren zatiari ekiteaz bat aurrea hartu baitzuten, hirukoak sartzen hasita.

Defentsa ere asko hobetu zuten arabarrek, hala behar ere. Gwathmeyk sei puntu segidan lortu eta 51-57 ere aurreratu zen Gernika azken laurdenean. Horixe izan zen, aldiz, bizkaitarren azken kartutxoa. Ciapina eta Van den Adelek saskirako bidea aurkitu zuten eta gernikarrek ez zuten erantzuten jakin, eta hortxe amaitu zen finala.

IDK Gipuzkoa, hirugarren

Aurrez, Azkoitiko Añares Rioja ISBk eta IDK Gipuzkoak hirugarren posturako jokatu zuten. Marita Davidovak 22 puntu lortu arren, donostiarrek 19 puntuko aldeaz irabazi zuten: 54-73. Azken laurdenean hautsi zen partida, 6-18ko partzialari esker.