GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Arazoa ala arrakasta?


Feminismoak erakutsi digu, besteak beste, zein garrantzitsua den gauzak zuzen izendatzea errealitatearen gainean dugun begirada agerian uzteko. Azkenaldian, behin baino gehiagotan entzun dugu «arazo demografikoa» dugula, baina nik aldiz «arrakasta demografikoa» deritzot bizi dugun horri. Zergatik? Herritarren bizi-itxaropena luzatzea eta adineko gehienak menpekotasunik gabe bizitzea arrakastatsua baino ezin izan daitekeelako gizartearentzat; eta erronka, jakina, baina inola ere ez arazoa edo karga.

Urriaren 1ean Adinekoen Nazioarteko Eguna izan da. Aurten Nazio Batuetatik aitormena egin zaie mundu osoan giza eskubideak bultzatzeko lan egiten duten adineko guztiei. Egun horren oinarrizko helburua eskubide ororen garapena sustatzea izan da, kontuan hartuta adinekoak eskubide osoko herritarrak direla. Bestetik, agerian jarri nahi izan da gizartearen kide aktiboak izaten jarraitzen dutela, eta eskubideen benetako egikaritza lortzeko konpromiso irmoa erakusten ari direla. Akaso baten bat New Yorketik gure kaleetara begira aritu da azkenaldian? Hala dirudi behintzat.

Astelehenetako manifestazioek eta astez aste gure herrietan izaten diren elkarretaratzeek adineko pertsonen parte hartze politikoa nabarmen handitu dela erakusten dute. Haien helburua beren egungo duintasuna eta, bide batez, guztion etorkizuna bermatzea da. Hori dela eta, Nazio Batuez aparte geuk ere aitortza egin beharko genieke guztion eskubideak aldarrikatzeagatik.

Feminismoaren irakaspena da, halaber, elkarbizitza antolatzeko eredurik bidezkoena bizitzaren iraunkortasuna bermatzen duena dela; eta horrek eskatzen du bizitza eta bizitzaren zaintza erdigunean jartzea. Ondorioz, beharrezkoa da guztion artean zaintza nola antolatuko dugun erabakitzea.

Defendatzen ari diren pentsio publiko duinak eta kalitatezko gizarte zerbitzuak ez dira nahikoak; nolanahi ere, ezinbestekoak dira «bizitzea merezi duen bizitzak» ahalbidetzeko. Horregatik, eskubide hauek jasangarritasun ekonomikoaren kontra doazela diotenean, ez al dira konturatzen bizitza beraren iraunkortasuna zalantzan jartzen ari direla? Akaso Lagarderen moduan pentsatuko dute, agureak gehiegi bizi direla…