2018 URR. 05 IKUSMIRA Freskagarria Ane URKIRI Kazetaria Ortzimugan ikusten ditut Erroma eta Napoli, bertatik datozkigun etorkinen aurkako politika eta ekonomia arazoetatik harago –Italiako barne produktu gordinaren araberako zorra %130ekoa da, Europar Batasuneko handiena Greziaren atzetik–. Pasta, izozki eta pizzak –batez ere azken horiek– usaindu eta irudikatzen ditut jada monumentu historikoetan barna murgiltzen naizen bitartean. Barkatuko didazue, astebetez turista izango naiz. Bakarrik bidaiatzeko premia edo zera hori. Bakoitzaren gaitasuna hauspotze hori. Zure barneko zuarekin birkonektatzeko behar hori. Animatu naiz Mutriku eta Donostiako errutinatik at arnasa bakarrik hartzera, hamar hilabete segidan kasik mugitu gabe egon ostean, berritasun handirik gabe, asteburuak pintxo-pote eta juerga artean mundua konpondu nahian –betiere ondo inguraturik eta oso gustura, egiari zor–. Baina, aizue, lankide eta lagunen joan-etorriak inbidiaz entzun ditut. Izan Italia, Estatu frantsesa, Hego Afrika, Girona, Belfast edota Greziako istorioak. Orain besteon txanda da. Non nagoen baloratu eta nora ote doan bizitza, bakarra omen da eta. Bidaiatzearen zentzua, azken finean. Freskagarri suertatuko da lehen aldiak ematen duen urduritasun zirraragarri hau. Entzun ditut aholkuak, prestatu ditut gurutzegrama, sudoku eta liburuak entretenitzeko kafe baten bueltan, solasaldi bati inoiz muzin egin gabe. Baina hartu dut baita koaderno txiki bat ere, nire barrua entzun eta irakurtzeko. Ea zer dioen. Joan baino lehen, aldiz, gaur pintxo eta poteen artean murgilduko naiz betiko jendearekin, abentura berrian murgiltzeko konfiantzaren bila.