GARA Euskal Herriko egunkaria
Bodyboard

Nazare Pro 2018: Portugalen erabakiko dira munduko txapeldunak

Aste honetan egingo dute Portugalgo Nazare hondartzan APB itzuliko azken txapelketa. Bertan izendatukodira aurtengo munduko bodyboard txapeldunak. Armide Solveres da munduko junior txapeldun berria.


Joan den astean amaitu zen Viana World Championship lehiaketa, baina mundu mailako bodyboard lehiakideek Portugalen jarraitzen dute oraindik, aste honetan egingo baita aurtengo mundu mailako APB zirkuituko lehiaketa garrantzitsuena.

Nazare Pro txapelketa erabakigarria izango da, ohiko moduan, Kanaria uharteetan egitekoak ziren itzuliko azken lehiaketa, Fronton King lehiaketa famatua, bertan behera geratu baita. Ondorioz, Nazaren jokatuko dira aurtengo APB munduko tituluak.

Armide Solveres

Junior kategorian txapelketa bakar batean erabaki zuten aurtengo munduko titulua norentzat izango zen. Itsasoak ez zuen lagundu Vianako Arda hondartzan. Metro bateko olatu garbiak izan ziren, apur bat txikiak, baina txapelketa egiteko gutxieneko baldintzak bete ziren.

Ez zen nesken lehiaketarik izan Vianan; mutilen Junior kategoria eta Open kategoriako txapelketak egin zituzten soilik.

Gauzak horrela, 18 urtez azpikoen Junior kategorian Armide Solveres kanariarra eta Luan Tavares brasildarra iritsi ziren finalera. Txanda amaitzeko 18 minuturen faltan kanariarrak 15,65 puntuko konbinazioa lortu zuen eta horri esker irabazi zuen txapela, bere aurkariak ez baitzuen kanariarraren puntu kopurua gainditzea lortu. Txanda amaituta, sorbalda gainean hartu zuten lagunek munduko junior txapeldun berria.

Tristan Roberts

Open kategorian, berriz, Alex Uranga zumaiarra eta Tristan Roberts hegoafrikarra izan ziren finalistak. Kontuan hartu behar da Open kategoria mundu mailakoa dela eta Vianakoa 4 izarreko txapelketa izan zela (gehienez 6 izar izan daitezke Open kategorian); hortaz, Vianakoa txapelketa garrantzitsua zela esan daiteke.

Tristan Roberts eta Alex Uranga zumaiarra iritsi ziren Open kategoriako finalera eta bidean Pierre-Louis Costes munduko txapeldun ohia bezalako lehiakideak garaitu behar izan zituzten azken txandara iristeko.

Urangak urte hasieran izan zuen lesioa gainditu duela frogatu zuen. Indartsu aritu zen zumaiarra, baina ezin izan zuen garaitu hegoafrikarra eta honek aurtengo denboraldiko bigarren garaipena eskuratu zuen, (Antofagastan ere berak irabazi zuen).

Denboraldi tristea

Aurtengoa urte tristea izan da goi mailako bodyboardarentzat. Azken urteetan aldaketa ugari izan dira munduko zirkuituan. Aitzitik, modalitate honetan sekulako maila duten kirolari berriak agertzen diren arren, txapelketak egin eta bodyboard zaleak laguntzeko diru gutxi inbertitzen da eta, ondorioz, gero eta zailagoa da mundu mailako zirkuitua gutxieneko baldintzetan burutzea.

Kirolariek eta zaleek ahalegin handia egin dute, eta egiten ari dira, mundu mailako bodyboard zirkuitua aurrera atera ahal izateko, baina zailtasun anitz dituzte. Itzuliari indar apur bat emateko lehiaketa ereduan aldaketa batzuk iragarri zituzten aurtengo denboraldirako, eta urte hasieran egin zituzten txapelketetan eredu berriak ikusgarritasuna eskaintzen duela frogatu zuten. Arazoa ez da, ordea, lehiaketa eredua, lehiaketak egiteko laguntza falta baizik.

Azken urteetan mundu mailako itzuliko zenbait txapelketa mitiko desagertzen joan dira, hala nola Pipeline edo Tehaupooko txapelketa. Hori gutxi ez, eta aurtengo denboraldia jada abian zenean, urte sasoiari amaiera ematen dion Kanaria uharteetako Fronton King txapelketa famatua ere bertan behera geratzen zela iragarri zuten antolatzaileek.

Gauzak horrela, aste honetan Nazaren egingo duten txapelketa aurtengo APB zirkuituko azken txapelketa izango da, bai mutilen kategorian, baita neskenean ere. Mutilen kasuan, Grand Slam mailakoa izango da; hau da, maila gorenekoa.