GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Nina Caprezek jarduera bikaina egin du Ratikonen

Eskalatzaile suitzarrak, Austriako hormatzar enblematiko horretara itzuli, eta «Headless children» bidearen (8b, 260 m) hirugarren igoera sinatu du. Caprezek bi urte behar izan ditu marra hori igo ahal izateko.


Nina Caprez zailtasun handiko pareta alpinoetan ondo baino hobeto moldatzen dela erakusten ari da. Are gehiago esango genuke: egun, nazioarte mailan, nesken artean erreferente nagusietarikoa da. Eta hori guztia baieztatu ahal izateko, suitzarraren ibilbideari erreparatu besterik ez dago. Yosemite, Alpeak, Picu Urriellu... bisitaleku izan ditu. Eta horma horietan “Orbayu”, “Divine providence”, “Silbergeier” eta izen handiko beste marra batzuk eskalatu ditu.

“Silbergeier” (8b+, 200 m) aipatu dugunez, aurreratu behar dugu Ratikonen dagoen marra hori igotzen lehen emakumezkoa izan dela. Duela zazpi urte erdietsi zuen, eta ordutik Ratikonetik behin baino gehiagotan igaro da. Lau urte geroago, adibidez, “Unendliche geschichte” bide mitikoa (8b+, 380 m) errepikatu zuen.

Eskalatzaile suitzarrak lotura berezia du Austriako Alpeetan dagoen hormatzar horrekin. Behin baino gehiagotan aipatu izan du inguru horrek harrapatuta daukala. Ez da harritzekoa, uda honetan Ratikonen egin den eskalada jaialdi batean hartu baitu parte. Eta esku artean zuen xede bat biribildu ahal izan du. “Headless children” bideari buruz ari gatzaizkizue.

Bitxia bada ere, 90eko hamarraldian zabaldu zen marra hori (8b, 260 m) ia oharkabean igaro da. Eta hori diogu Caprezena bidearen hirugarren igoera izan delako; neska batek egin duen lehendabizikoa. Marco Muller, Koni Mathis eta Bruno Rudisser-ek zabaldu bazuten ere, Mark Amannek jarri zion puntu gorria. Ondoren, marra hori eskalatzaileen kolektibotik “desagertu” zen. Baina duela pare bat urte Kilian Fischhuber austriarrak “Headless children” berreskuratu eta lehen errepikapena egin zuen.

Bi urte

Antza denez, Fischhuber-en igoera horrek Caprez animatu zuen, eta helburu gisa hartu zuen. Lehen saioak iaz egin zituen, baina eguraldiak ez zion batere lagundu. Lau eguneko ekinaldiak egin eta gero, lehen agerraldi hori bertan behera utzi behar izan zuen.

Esan dugun bezala, uda honetan berriro itzuli da. Eta eguraldia lagun izan du: «Iazko ekinaldian, lan gogorra egin banuen ere, baldintzak ez ziren batere egokiak. Uda honetan, berriz, eguraldiarekin zorte handiagoa izan dut».

Zortea bai, baina azpimarratu behar dugu eskalatzaile suitzarra Ratikonera oso sasoiko iritsi zela. Iaz lau eguneko jardunak izan ziren; aurten, berriz, hiru egun soilik behar izan ditu “Headless children” bidearen hirugarren igoera sinatzeko.

Behin betiko saioan, Jonathan Crison sokakide izan zuen. Eta Caprezek onartu du den-dena perfektu irten zela: «Luze zein sekuentzia guztiak menderatu ondoren, azken igoerari ekin nion. Behetik hasi nintzen eta luze guzti-guztiak sokaburu egin nituen. Egun biribila izan nuen».