GARA Euskal Herriko egunkaria

Malen Amenabar nagusitu da Santurtziko kanporaketan

Malen Amenabarrek irabazi zuen atzo Santurtziko Serantes kultur aretoan jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa. Amenabar 480,5 punturekin nagusitu zen. Hurrengo saioa datorren igandean jokatuko da, Zornotzan.


Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa hartu zuen atzo Santurtziko Serantes aretoak eta, bertan, Malen Amenabar izan zen puntu gehien eskuratu zituen bertsolaria, 480,5 punturekin. Sailkapenean atzetik izan zituen Eneko Abasolo Abarkas (460 puntu), Arrate Illaro (458,5), Inaki Iturriotz (427,5), Imanol Arrutia (394) eta Ekaitz Larrazabal Katxo (391,5). Santurtzin nagusituta, Amenabar zuzenean igaro da azaroaren 25ean Igorren jokatuko den finalaurreko saiora.

Saioan Oier Iturralde Fernandez Atano ibili zen gai-jartzaile beharretan. Epaimahaia, ostera, hurrengoek osatu zuten: Alaitz Etxanobe Bereziartua, Ander Txakartegi Basterretxea, Jon Jaio Aiartzaguena, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari lanetan, aldiz, Itziar Basterretxea Olarreaga aritu zen.

Hurrengo saioa datorren igandean, urriak 21, jokatuko da, Zornotzan. Aitor Esteban, Ander Elortegi, Ander Ucelay, Inazio Vidal, Taber Altube eta Unai Mendiburu izango dira lehian arituko diren bertsolariak, 17.00etatik aurrera, Zornotza aretoan.

Ohi bezala, sarrerak jada eskuragai daude Interneten eta txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira igandean bertan, 16.00etatik aurrera.

Kanporaketetako fasean bertsolariek egin beharreko lanak hauek dira: zortziko nagusian ofiziotan hiruna bertso, zortziko txikian ofiziotan hiruna bertso, puntua emanda bertso bi zortziko txikian, hamarreko txikian ofiziotan hiruna bertso, eta, barkako lanean, gai bati buruz bertso bi, doinu eta neurri librean.

Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara eta besteek puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Kanporaketa fasearen ostean finalaurrekoak jokatuko dira, eta, azkenik, abenduaren 15ean jokatuko da finala.