GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Urriak12


Hispanitatearen eguna aprobetxatu du Jesus Loza Espainiako Gobernuaren ordezkariak Guardia Zibilak hemen, gurean, jarraituko duela esateko. Sansomendiko kasernan guardia zibilez eta Vox-eko Santiago Abascal bezalako espainiar aberkoiz inguraturik esan du «bakea eta elkarbizitza bermatzeko lanean» ari direla eta hemen segituko dutela gure portu eta aireportuak zaintzen, nortasun agiri eta pasaporteak (espainolak, noski) egiten. Espainiako Gobernuaren ordezkariak bere harridura erakutsi du, herritarrek Guardia Zibilak eta poliziak hemendik alde egin dezatela eskatzen dutelako. Printzipio edo ideologia kontua ei da beste ezer baino gehiago. Ez zaio gizonari buruan sartzen horrelako aldarririk egitea. Herritarren zerbitzura ari dira lanean. Ez omen dugu kontuan hartzen benemeritakoek egiten duten «ahalegina».

Memoria oso selektiboa da eta ahanzturaren zulo beltzean izango ditu, ziur asko, Guardia Zibilak historia urrunean zein hurbilean egindako desmasia eta triskantzak. Galde diezaiela bestela Intxaurrondon edo La Salven torturatuak izan diren milaka eta milaka herritarri; galde diezaiela, era batera edo bestera, kontrol batean edo manifestazio batean hildako ehunka pertsonen senideei; gomazko pilotez edo balez zauritutako biktimei; galde dezala hor zehar zenbat tiroketa, enfrentamendu edo segada egin dituen Guardia Zibilak, Pasaian, Morlansen, Irungo ordainlekuan edo Irunberriko arroilan egin zuten bezala, esate baterako. Galde diezaiela Mikel Zabalzaren arrebari eta lagunei edo Lasa eta Zabalaren senideei; galde diezaiela “Euskaldunon Egunkaria”-ko torturatuei; galde diezaiola Unai Romanori zergatik ez dugun gurean Guardia Zibilik nahi, berdin Altsasuko gazteen senideei...

Garai bateko trikornioarekin edo gaur egungo txapel berdearekin Guardia Zibila beti ibili da inpunitatearen, errepresioaren eta indarkeriaren itzalpean; ezabatu ezin den egitate historikoa da.

Ez da ideologia kontua, sentipen errotua baizik.