2018 URR. 21 ANTZERKIA «Maita(k)le borroka»: anodinoa ez den Anodino Teatroa Arantzazu FERNANDEZ Aiora eta Keparentzat aste batzuk igaro dira jendea ezagutzeko aplikazio batean kidetu direnetik, eta gaur elkartuko dira parez pare estreinakoz. Aplikazioak “ia” kide perfektuak direla dio; beraiek ere hala pentsatzen dute baina... “ia” horretan dago koska, “ia” horrek eztanda, talka egiten duelako Aiora eta Keparen animoan. Edozeini gerta dakiokeen zerbait da? Horregatik barre egingo dugu, baina ez algaraka, zeren jakin badakigu mundu digitaletik errealitaterako jauzian zartakoak ematen dizkigula bizitzak, egunerokotasunak espero ez ditugun ustekabeak ekartzen dizkigula. Zer egingo genuke guk alegiazko maitale ideala manifestazioren batean aurkituko bagenu, ez gurekin lerratuta, baizik eta aurka egiten digutenen artean? Ane Pikazak eta Aitor Fernandinok ezin hobeto gorpuzten duten bikoteak energiaz bete zuen atzo Urnietako aire zabala. Bikotekide gisa hain ondo moldatzeak kontraesanei sinesgarritasuna ematen die batere anodinoa ez den antzezlanean. Pertsonaiak ataka batean ikusita, “ezin baino nahi” baten lekuko bihurtu eta dilema hori ulertzeraino eraman gintuzten, guztiz egiatia zirudien harremana antzeztu zutelako. Suminduta nago baina gustuko zaitut. Berotzen nauzu, baina gorroto zaitut. Ezin zaitut onartu. Mikel Fernandinoren testua kale kantoian antzeztea erabaki izanak, lana borobildu eta bistaratzeaz gain, lanaren biluztasun eszenografikoan haren kalitate handia azpimarratu zuen. Antzerkia ikusteko plazera areagotu ziguten mikrofonorik gabe, argiteriarik gabe. Horrela, imitazio arte izateak antzerkiari ematen dion urruntasuna gertutasun distiratsu bilakatu ziguten gaueko iluntasunean dir-dir eginez 30 minutuan zehar. Antzerki ona egiteko testu on bat, bi aktore aparta, megafonoa, auto bat eta publikoa, besterik ez. Biba zuek!