2018 URR. 26 El Salvadorko memoria historikoa lantzen duten binetak Pertsona ez oso ezagun bat dakar Dani Fanok «Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak» komikian. Galeanok eta Daltonek eman zuten Marmol iraultzailearen berri, El Salvadorreko herri eta kulturaren defendatzailea. Nagore BELASTEGI DONOSTIA Migel Marmol iraultzaile salvadortarraren bizitza binetetara ekarri du Dani Fanok. El Salvadorrek eta Euskal Herriak antzeko pasadizo ilunak jasan behar izan dituzte historian zehar. Zortzi urtean zehar Hego Ameriketako herrialdearen historia aztertu ostean, bi herriak batzen dituen lana dakar, “Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak” (Astiberri). Fanok bere anaiak Eduardo Galeanoren testu bat irakurtzeko pasatu zionean izan zuen Marmolen berri lehen aldiz, baina fikziozko pertsonaia zela pentsatu zuen. Gerora “Memoria del fuego” Latinoameriketako historiaren inguruko trilogia irakurri zuen, eta harriduraz hartu zuen hirugarren atalean Marmol aipatzen zela behin eta berriz, Che Guevara edo Fidel Castro baino gehiago, bertan gertatzen ari ziren iraultzen protagonisten artean. Hala, informazio gehiagoren bila ari zela, Roque Daltonek idatzitako Marmoli buruzko biografia irakurri zuen eta pertsonaiaz maitemindu zen. Baina ez zitzaion egokia iruditzen ezagutzen ez zuen herrialde baten historiari buruzko liburu bat idaztea harekin harremanik ez bazuen, eta e-mail bidez jarri zen bertakoekin harremanetan. Berehala jaso zuen erantzuna eta laguntza. Era berean, Migel Marmol semeak aitari buruzko datu gehiago eman zizkion, eta osagarri gisara bertako Hitzaren eta Irudiaren Museotik informazio ugari atera zuen Fanok. Erakunde honek bizikidetza eta memoria historikoa lantzen du. «Nik marrazkiak bakarrik jarri ditut, lan hau kolektiboa da. Ehunka pertsonak lan egin dute El Salvadorreko memoria historikoa mantentzeko eta niri hori eman didate», aipatu zuen egileak, liburuko bi orrialde esker hitzez bete dituela gaineratuz. Horien artean bere gurasoei zuzendutako lerroak ere badaude: «Hemen daudenez, eskerrak eman nahi dizkiet beren arbasoek galdu zuten hizkuntza bat niri emateagatik. Hizkuntza horri esker nire kultura eta nortasuna eskuratu dut; naizen guztia eman didate», esan zuen oso hunkituta. «Lan oso emozionala izan da niretzat», onartu zuen bere aitona-amonek Venezuelara alde egin behar izan zutela azalduz. Bere ustez, El Salvador eta Euskal Herria ez dira hain desberdinak, bi herri zapaldu izan direlako. Bertan nahuatl hizkuntza dute, euskara bezala debekatua izan zena. Euren jantzi tradizionalak erabiltzea ere galarazi zieten, eta, finean, herri oso baten kultura ezkutatzen saiatu ziren. Bestelako paralelismoak ere aipatu zituen egileak. Herri-borrokaren artisaua Baina eskerrak ez dira norabide bakarrekoak, Fanoren lana oso txalotua izan baita El Salvadorren. Bertan aurkeztu zuen irailaren erdialdean “Los 12 nacimientos de Miguel Marmol”, komikiaren jatorrizko bertsioa. Mundosal elkarteko ordezkari Cristo Calderonek hitza hartu zuen Donostian egin zuten aurkezpenean, eta eskerrak eman zizkion egileari bere «pertseberantzia eta maitasunagatik». «Lan onek gure herriaren borroka islatzen du Miguelitoren bizitzaren bitartez. Hezur eta haragizko heroi bat zen. Bere bizitza guztiontzako hobekuntza lortzeari eskaini zion», aipatu zuen. Marmol bizi izan zen garaian pobrezia handia zegoen; matxinsalto izurritea zela-eta artoa galdu eta familia ugari gosez hil ziren. Gizartean sortzen ari zen gatazka isilarazteko oligarkiak jende ugari hil zuen. Eta orduan piztu zen komunismoa. Beste herrialde batzuetan giro jantzitik piztu bazen ere, El Salvadorren 30 gizonek heldu zioten, gehienak analfabetoak. Ameslariak ziren, eta tartean zegoen Marmol. Jasan behar izan zuten euren kulturaren zapalkuntza, nekazarien masakrea, estatuaren jazarpena... baina borrokan jarraitu zuten. «Miguelito herri-borrokaren artisau bat izan zen, mito bihurtu zen arte», azpimarratu zuen. El Salvadorren herri-unibertsitatea sortu zen eskolara joateko aukerarik izan ez zutenek hezkuntza jaso zezaten, eta Fanoren lana horren partetzat jo zuen Calderonek, komikiaren bitartez beren historiaren parte bat azaltzen duelako: «Langile klaseari eginiko omenaldi bat da». Era berean, Euskal Herrira bizitzera etortzeko hautua egin zuten salvadortarrei euren sustraiei buruz gehiago jakiteko aukera ematen die lanak, baita euskaldunei herri hori gertuago sentitzekoa ere. BATA BESTEARI LAGUNTZENKomikiaren euskarazko bertsioa Koldo Izagirrek egin du, Dani Fanoren laguntzarekin. Itzultzaileak gaztelerazko bertsioa garatzen ere lagundu dio egileari.