2018 URR. 27 Elkarrizketa OTSANDA TOLOSA ETA KONTXI URBIETA AMIANTOAGATIK HILDAKO CELESTINO TOLOSAREN ALABA ETA ALARGUNA «Justizia egin da. Dolua ixteko eta aitari bere tokia emateko premiazkoa zen» EAEko Auzitegi Nagusiak frogatutzat eman du Celestino Tolosa amiantoagatik hil zela eta gakoa izan dira bere birikak, bere eskariz gordeak. Borroka pila egin zuen bizitzeko eta langileak babesteko. Eta alaba eta alarguna borroka segitzen ari dira. Maider IANTZI IRUN Alegiakoa da Kontxi Urbieta, Celestino Tolosa senarra bezala, baina Irunen eraiki zuten bizitza proiektua, Larreaundi auzoan. Bertan jaio zen alaba Otsanda eta bertan bizi da. Hemengo plazatxo batean eseri gara solaserako eta epaiagatik zorionak eta musuak ematera hurbiltzen zaizkie auzotarrak etengabe. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Celestinoren heriotza amiantoak eragin zuela ondorioztatu du. Frogatutzat eman du laneko gaixotasunagatik zendu zela eta horretarako gakoa izan dira langilearen birikak, Santanderreko Valdecilla Ospitalean Celestinoren beraren eskariz gorde eta aztertu zituztenak. Amiantoz beteta ikusi dituzte birikak. Epaia historikotzat jo dute (nahiz eta oraindik ez den irmoa eta hamar eguneko epea dagoen helegitea aurkezteko), eta elkarrizketak eman eta eman ari dira ama-alabak, euskal hedabideei eta espainiar Estatu mailakoei ere bai. «Pixka bat gaindituta, baina pozik» daude. Emozio eta indar handia transmititzen dute, bukaeraraino iristeko determinazioa, halakorik berriro gerta ez dadin. Atea ireki diete bertze familiei, amiantoaren biktima ugari baitago. Epaia garaipen handi bat da eta malkoz betetzen zaizkie begiak aita euretaz harro egonen zela erratean. Aita langileen alde borrokatzen zen, ezta? Enpresa komitean ibili zen urte pila. Oso sartua egon da beti langileen borrokan. 1973. urtean hasi zen CAFen lanean. Orduan ez zegoen amiantoari buruzko informaziorik. Duela oso urte gutxi ezagutu da amiantoak zein ondorio dituen eta aita gaixotu zenean ez genekien horren inguruko ezer. Gerora atera da. Hasieratik egon zen amiantoarekin kontaktuan? Pentsatzen dut baietz, hasiera-hasieratik. Gaixotasunaren lehenengo sintomak 1980. urtean azaldu zitzaizkion, baina okerrenak 1991tik aurrera pasatu zituen. Hortik aurrera ingreso ugari izaten zituen, jatorri ezezaguneko sukarrekin. Azkenean biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa diagnostikatu zioten (BGBK, gaztelaniaz EPOC) eta horrekin zergatia bilatu zioten. Baina nahiz eta horrentzako tratamendua jaso, sukar horiek ez ziren desagertu. Bolada batzuk pasatzen zituen sukarrarekin eta ezin jakin zergatik zen. Orain badakigu jatorria amiantoa zela. 1999an gaixotasun arruntagatik eman zioten laneko ezintasun iraunkorra. Urte hartan CAFen lan egiteari utzi zion, agiri hori eman ziotelako. Gaixotasuna gehiagora joan zen. Oxigenoarekin egoten zen 24 orduz. Kalera ere oxigenoarekin ateratzen zen. 2006an, 62 urterekin, transplantea egin zioten Santanderreko Valdecilla Ospitalean. Arrisku handiko operazioa zen. Biriketako transplanteak orduan hasiak ziren egiten eta arrisku handikoak ziren. Hilkortasun tasa handia zen. Operatzera sartu zenean ez genekien oso ongi nola aterako zen. Hasieran, gainera, ez zen oso ondo joan. Buelta eman zion, sei hilabete nahiko onak izan ziren, baina gero berriro hasi zen jaisten. Errefus bat izan zuen, medikazioa oso potentea zen, eta poliki-poliki, errefus kroniko batekin, hamar egunean hil zen. Operatu eta bi urtera. Bai. Bi urtez egon ziren Santanderrera oso maiz bueltaka. Ama bertako pentsio batean bizitzen ere egon zen. Pneumologiako saila oso potentea da han, transplanteetan oso aditua. Aitzindariak izan dira. Ongi portatu dira zuekin? Valdecillako ospitalearentzat ez dugu hitz onak besterik. Oso-oso ondo portatu dira. Hasieratik oso ondo tratatu gaituzte. Aitak mediku bat zeukan bizitza osokoa eta hemendik joan egin zen, ez genekien nora, eta han topatu genuen. Konfiantza handia zeukan mediku harengan eta beste mediku guztiak ere asko inplikatu ziren, oso ondo tratatu gintuzten prozesu osoan. Duela bi urte prozesu judiziala hasi genuenean eurekin kontaktuan jarri ginen. Berehala erantzun ziguten eta han topatu zituzten birikak. Oraindik laborategian zeuden. Handik Oviedora eraman zituzten aztertzera. Euskarri horrekin, txosten berezi bat egin zuten, aurreko EPOCaren diagnostikoa deuseztatuz eta berria ezarriz: amiantoa zuen biriketan. Hori frogatu ahal izan genuen birikak hemen zeudelako. Noiz eta zergatik hasi zenuten borroka judiziala? Duela bi urte eta erdi, 2016ko otsailean bidali nuen lehen korreoa Valdecillara. Aurreko urteetan amianto kasuak entzuten hasi ziren eta CAFeko langileek, aitarekin lan egindakoek esaten ziguten bazeudela amiantoz kutsatuta zeuden lankideak, gaixotzen ari zirenak eta batzuk hiltzen ere bai. Beraiek argi ikusten zuten sekzio berean lan eginda aitaren gaixotasuna amiantoaren ondorio zela. Hasieran dolu prozesuan geunden, baina prestatuago geundenean, gogo eta indarrarekin, orduan hasi ginen mugitzen. Asviamie elkartea izan duzue lagun. Bertara deitu genuen. Jesus Uzkudunekin harremanetan jarri ginenean ez geneukan ezer, aita kutsatuta zegoen susmoa bakarrik. Eurek esaten ziguten prozesu judiziala hasteko frogak behar genituela. Valdecillakoekin hitz egin eta urrezko froga bat topatu genuen. Ezusteko izugarria izan zen. Berak beti nahi izan zuen bere gorputza aztertzea, zer pasatzen zitzaion jakiteko. Baina guk ez genekien birikak han zeudela. Guretzat sekulako emozioa izan zen pentsatzea oraindik bere parte bat hemen zegoela eta, gainera, froga garrantzitsu bat izan zitekeela. Aita oso gaixo kontzientea izan zen denbora osoan, oso argia, eta oso ondo zekien bere gorputza nola zegoen, ze momentutan zegoen eta ze erabaki hartzen zituen. Eta lanagatik eritu zen susmoa izan zuen beti. Bai, bai. Bera soldatzailea eta galdaragilea zen eta beti esaten zuen irentsi zuen guztia lanean izan zela. Bere lankide asko amiantoarekin izorratuak daude eta batzuk hil egin dira. Aitak Beasainen ere pasatu zituen urte batzuk eta gero, jada oso gaixo zegoenean, sekzio aldaketa eskatu zuen eta marrazketara aldatu zuten. Baina urte gehienak galdaragintzan eman zituen, bai Irunen bai Beasainen. 26 urte. Zergatik da hain garrantzitsua epai hau? Guretzat irabaztea da. Epaile batzuek esan dute gaixotasun profesionala zuela aitak. Honek bide bat irekitzen du ondoren datozen gaixo guztientzat, biktima guztientzat. Aurrekari bat da beraientzat, lagungarria da beren borrokan aldeko epaiak izatea, laneko gaixotasun hau errekonozitzea eta enpresak eta gizarte segurantza kargu egitea gertatzen ari denaz. Beraiek dira honen guztiaren eragileak. Aitaren lankide bat gaixotasunarekin dago eta bera ere prozesu judizialean sartzen ari da. Familiek eta amiantoaren biktimek prozesu oso gogorrak pasatu behar ditugu, denbora asko irauten dutenak eta momentu oso txarrak pasarazten dizkigutenak, epaiketa bezala, oso gogorra izan zen. Hortaz, konpentsazio funts bat egotea eskatzen dugu, familiak prozesu honetatik ez pasarazteko. Askok ez dute prozesua hasten, honek barren guztiak mugitzen dituelako. Gai hau ez da bukatu: langileak borrokan ari dira, ez soilik beren eskubideen alde, baizik eta beren bizitzaren alde. Garrantzitsua izan da zuentzat aita lan gaixotasunak hil zuela aitortzea? Hori zen guretzat inportanteena, dolua ixteko, frogatzea aita gaixotu zela berak esaten zuen bezala, lanean. Gu horrekin oso gustura gelditzen gara, helburua beteta. Justizia egin da. Dolua bukatzeko eta aitari bere tokia emateko premiazkoa zen. Aitak denbora asko eman zuen langileen eskubideen alde borrokan, eta jakingo balu zer lortu duen bere birikekin oso-oso harro egongo zen. Gutaz harro egongo zen, baina bere birikez ere bai. Nahi zuena lortu du: birika horietan zer gertatzen ari zen frogatzea. Dena kate bat izan da argitasunera eraman gaituena. Ez genekien nondik hasi eta honi guztiari argitasuna ematen bukatu dugu. Eta guretzat oso inportantea izan da hori. Bide horretan ze laguntza izan duzue? Asviamieren laguntza osoa izan dugu. Bi abokatu izan ditugu eta, behin frogak lortuta, eurek markatu digute bidea. Inoiz ez gara bakarrik egon, beti izan dugu elkartea ondoan. Aldiz, CAFen aldetik ez dugu inongo erantzunik eta laguntzarik izan. Kontaktu bakarra epaiketa egunean izan genuen eta enpresaren abokatuak bai aitari bai guri eman zigun tratua lotsagarria izan zen. Erreparazio bat egin behar du enpresak, eta barkamena eskatu publikoki. Aitak lanean eman zuen bere bizitza. Bere bizitza irentsi zuenaren ondorioz joan zen, enpresak zerbait esan beharko du. Ez bakarrik erreparazio ekonomikoa, morala ere bai. Ez dute adierazpenik egiten. Epaiak zertara behartuko ditu? Aldeko epaia finkoa bada beste prozesu legal bat hasiko dugu. Gaixotasun profesionala izanda, amak eskubidea dauka alargun pentsio handiagoa kobratzeko. Eta, gero, CAFi kalte-ordaina eskatuko diogu. Bukaeraraino goaz. Jada sozialki irabazi dugu eta horrekin oso gustura gaude. BIZITZAREN ALDE «Hau ez da bukatu: langileak borrokan ari dira, ez soilik eskubideen alde, baizik eta beren bizitzaren alde» HARRO «Aitak denbora asko eman zuen langileen alde borrokan. Gutaz harro egongo zen, baina bere birikez ere bai» CAF-EN HITZIK EZ «CAFen aldetik ez dugu inongo erantzunik eta laguntzarik izan. Erreparazio bat egin behar du enpresak, eta barkamena eskatu publikoki»