GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUR LITERATURA

Migratzaileen omenez


Oihu bat (“Korri, Kuru, korri!”) erabili du Patxi Zubizarretak XXIX. Alda Delta saria eman dion liburuari izenburua jartzeko. Izan zitekeen lasterketa bat irabaztear den korrikalariari botatako animo garrasia, baina ez da zehazki hori, ez. Ihesaldi luze bati ekitera doan norbaiti urrutira hel dadin eskatzeko egindako oihu isila da Zubizarretak liburuaren azken orrietatik azalera ekarri duena.

Izan ere, kontakizunaren amaieran argituko digunez, Afrikako Etiopiatik Europako Ingalaterrara doan mutikoa da Kuru. Beste etorkin askok bezala, kamioi baten ardatzei helduta zeharkatu nahi izan du Iberiar penintsula, baina hiri batean lurrera erori eta min hartuta ospitalera eraman dute. Han egin du topo jirafaz mozorrotuta iritsi den Norarekin. Elkar agurtzean, Kuruk bere berri eman ziezaiokeen neskatoari, baina jirafa bati buruzko ipuina kontatzea deliberatu du. Eta, hala, liburu honetan, 1827. urtean Etiopiatik Parisera iritsi zen lepaluzearen istorio hunkigarria kontatzen digu egileak.

Etiopian hasten da, jirafari ketxine esaten zaion lurraldean, Kururen jaioterrian, hain justu, baina duela berrehun urte. Lepaluze jaioberri bat amaren ondotik lapurtzen dute, Mehmet Ali izeneko patxa egiptoarrak beretzat nahi duelako. Ama galdu orduko, gamelu eme baten babesean egingo du aurrera, hark bere kumea topatzen duen arte. Berriro bakarrik, Egiptorako bidean, Sudanen, Atir izeneko mutikoarekin elkartuko da, hura ere ama galduta umezurtz eta bakarrik bizi den mutiko berezia da, ostruka artean hazitakoa.

Handik aurrera, bidelagun banaezinak izango dira biak, eta, Kairorainoko bidea egin ostean, naturalista frantses batekin eta haren esklaboarekin jarraituko dute Mediterraneoan gora argiaren hiriraino, Pariseraino, Frantziako errege-erreginen jauregiraino, patxa egiptoarrak opari eman nahi izan baitzien animalia harrigarri hura.

Hiru urte eta erdiko bidaia luze eta gorabeheratsua kontatzen dio Kuruk Norari. Eta bidean izandako traba guztiei aurre egiteko “betiere burua gora” esaldiarekin amaitzen diren koplak errezitatzen dizkio tarteka. Bertso horietan, migratzaile ororen zorigaitzak aipatzen dira: herrimina, bakardadea, familiaren hutsunea, sakrifizioa, debekuak, ukabilkadak, etsipena… Ahapaldi horien bidez azaleratzen du Zubizarretak ihesaren gordintasuna, berrehun urteko tarteak batere leundu ez duen etorkinen drama bortitza; ipuinak ipuin, hori baita liburuaren muina.

Geografiaz, biologiaz, hizkuntzaz eta historiaz zipriztindutako informazioa ere tartekatu du kontakizunean, baina ipuinaren parte bihurtu ditu batere behartu gabe.

Konparazioen eta metaforen bidez, maisuki lotu ditu istorioaren ertz guztiak. Eta ez ditu kasualitatez hautatu protagonistak: gamelu batek eradoskitutako hankapalo jirafa eta ostrukekin hazitako Atir umezurtza; Zubizarretak naturalista frantsesaren ahotan azaltzen duenez, ostrukaren izen zientifikoa Struthio camelus baita, eta, lepaluzearena Giraffa camelopardalis. Halaber, ipuinaren kontalariarekin eta entzulearekin ere josten du jirafarena, Nora lepaluzez mozorrotuta agertzen baita, eta hori bera baliatuko baitu Kuruk ere argiaren hirirantz abiatzeko.

Bestalde, Rebeca Luciani ilustratzaile argentinar sarituak ederki irudikatu ditu “camel” horiek guztiak. Bere ilustrazioetan ohikoak diren kolore-konposizio indartsuak, gainera, ezin egokiagoak dira Afrikan abiatzen den ipuin honetarako. Arkatzez eta pintzelez marraztutako trazu zorrotz eta finez irudikatu ditu liburuko pasarteak.

Lehen saria besapean duela argitaratu da, baina aurrerantzean gehiago ere eskura ditzakeelakoan nago.