2018 AZA. 05 ALPINISMOA Ben Dare, bakarka, Zeelanda Berri basatian Joan den urriaren 7an, alpinista honek Percy Smith mendiaren hego-mendebaldeko paretan «The Promise» bidea (WI4, M5+, A0, 700 m) zabaldu zuen. Horma horretan sortu den bigarren marra da. Azken eguneraketa: 2018 AZA. 05 - 06:36h Andoni ARABAOLAZA Hurrengo lerrootan urrutiko lekuetara joango gara; hain zuzen ere, Zeelanda Berrira. Gure ingurumariko alpinistentzat hango Hegoaldeko Alpeak oso ezezagunak dira. Behin edo behin entzuten da Cook edo Aoraki mendian jarduera interesgarriren bat egin dela, baina hortik kanpo apenas ezer. Ben Dare zeelandaberritarrak, berriz, “blokeo” hori hautsi nahi izan du, eta Percy Smith mendiaren (2.465 m) hego-mendebaldeko paretan bakarkako jarduera azpimarragarria egin du. Iragan urriaren 7an egin zuen; “The Promise” bidea zabaldu zuen. Hegoaldeko uhartean dagoen mendi xume hori oso bakarti eta laiotza da, eta han Darek 700 metro luze den eta WI4, M5+ eta A0 (VI, 6+) zailtasunak dituen marra hori sortu du. Irudian ikus daitekeenez, horma ikusgarria da, eta inguru basati eta konprometitu batean dago. Darerena mendiaren isuri horretan zabaldu den bigarren marra da. Haren eskuinean, Bill McLeod eta Peter Dicksonek “On the dark shore” sortu zuten. 1993. urteko udara zen, eta, aipatzen ari garenarekin alderatuta, ia oso-osorik arrokan eskalatu zuten. Protagonistak, berriz, urrian eskalatu du, eta hego hemisferioa izateko, esan daiteke teknikoki pareta hori neguko baldintzetan lehen aldiz igo dela. Baldintza eskasak Alpinista honek goi mailako bakarkako jarduera bat egin du, beraz. Eta esan beharra dago estilo horretan eskarmentu handia duela. Gogoratu besterik ez dago iazko azaroan Cook mendiaren hegoaldeko horman “Remembrance” bidea ireki zuela. Percy Smith mendian “On the dark shore” sortu aurretik, Darek hurbilketa bide luze eta arriskutsua izan zuen aurrez aurre. Izan ere, hormaren oinarrira heltzeko 1.000 metroko eskalada egin behar izan zuen. Ondoren, “benetako” mistoko bidea gainditu zuen. Kilometro bateko eskalada egin eta gero, Williams mendiaren lepora heldu zen. Paretaren sarreran bibaka egin eta marra berrian sartu zen: «Arrokaren kalitatea espero nuena zen; hots, oso kaskarra. Ondoren, mistoko marra batean sartu nintzen. Pixkaka-pixkaka aldatsak oso tente jarri ziren. Eta une zehatz horretan izotzaren kalitatea txartzen hasi zen. Horren errua tenperatura altuek izan zuten». Paretaren goialdean orratz bat ikusi eta hara abiatzea erabaki zuen. Bide berria bukatzeko gutxi falta zitzaion: «Orratz hori hego ertzetik oso hurbil dago; gailurretik oso gertu, alegia. Neguko baldintzak bukatzear zirela, hainbat sekzio gainditzea kosta egin zitzaidan. Baina, zorionez, horiek guztiak eskalatu eta tontorrera heldu nintzen. Jaitsierak, berriz, ez zidan arazorik eman. Percy Smith eta Williams mendien artean lepora iritsi nintzen. Hortik aurrera lasaitu ederra hartu nuen». ZEELANDA BERRIA Joan den urriaren 7an, Ben Dare zeelandaberritarrak Percy Smith mendiaren hego-mendebaldeko horman «The Promise» bidea bakarka zabaldu zuen.