GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Euskal lehiakideek zilar bat eta bi brontze eskuratu dituzte

Amaitu berri den Espainiako Eskalada Kopan, Muriel Ruiz de Larramendik zilar eta brontze bana lortu ditu (20 urtez azpikoen mailan eta seniorretan). Aimar Usonek, berriz, brontzea 16 urtez azpikoen kategorian.


Fedmek antolatutako eskalada lehiek ateak itxi dituzte; hain zuzen ere, azaroaren 3an eta 4an Madrilen jokatutako Espainiako Koparen hirugarren eta azken probarekin. Euskal ordezkarien emaitza orokorrei dagokienez, aurreratu behar dugu Muriel Ruiz de Larramendik 20 urtez azpikoen mailan zilarra eta seniorretan brontzea eskuratu dituela. Aimar Usonek, berriz, brontzea 16 urtez azpikoen kategorian.

Madrilen izan zen azken hitzorduan, jubeniletan, 119 lehiakidek hartu zuten parte. 16 urtez azpikoen mailan, adibidez, azpimarratzeko modukoa da Haizea Osesek eginiko lana. Irabazleak bezala bide guztiak kateatu zituen, baina, finaleko bidean denbora gehiago egin zuenez, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Usonek ere goi mailako jardunak egin zituen. Finalean top egin bazuen ere, hirugarren postuan sailkatu zen.

18 urtez azpiko mailan, bestalde, podiumera soilik euskal ordezkari bat igo zen. Eta hori Andoni Esparta da: bigarrena izan zen.

Hurrengo kategorian, 20 urtez azpikoetan, bost euskal eskalatzaile finaletara igaro ziren, baina podiumera igotzeko ez zuten aukerarik izan. Gauza bera gertatu zen seniorretan.

Hiru domina

Espainiako Koparen hirugarren eta azken hitzordu horren ostean, erregulartasunaren zirkuituaren sailkapen orokorra argitu zen. Eta puntu guztiak batu ondoren, lehen sailkatuen artean bi euskal ordezkari protagonista izan ditugu: Ruiz de Larramendi eta Uson.

Nafarrak lortutako emaitzak bikainak izan dira; izan ere, 20 urtez azpikoen mailan zilarra eta seniorretan brontzea sinatu ditu. Esan dugu emaitza bikainak izan direla, baina baten batek, agian, iazkoak gogoraraziko dizkigu. Bai, hala da, Ruiz de Larramendik, seniorren mailan, Kopa eta Txapelketa irabazi zituen. Eta, gainera, 18 urterekin. Kontua da aurtengo denboraldian, arrazoi ezberdinengatik, entrenamenduak alde batera utzi dituela. Alabaina, aurten ere lehen postuen artean izan da, eta bi domina ekarri ditu etxera.

16 urtez azpikoen mailan, Uson ere erregularra izan da, eta, azkenean, garrantzi handiko hirugarren postua eskuratu du.

Beste kategorietan ez da podiumik lortu, baina batzuk gertu izan dira: Esparta eta Irati Zabala laugarrenak izan dira, 18 eta 20 urtez azpikoen mailan hurrenez hurren.