2018 AZA. 16 JO PUNTUA Eskubideen urteurren gazi-gozoa Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zenetik 70 urte bete direla, urtemugari eskainitako batzarra egin berri da Bilbon. “Erronka berriak” goiburua izanik, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen garapenaren balantzea egin zen, baita geroaz hausnartu ere, airean galdera kezkagarria utzita: ba al dute etorkizunik giza eskubideek? Nazio Batuen 1948ko adierazpena aski ezaguna da, eta inork ezin du zalantzan jarri mugarria izan zela giza eskubideen historian. Eskubideak sustatzeko eta babesteko nazioarteko sistema testu horretatik sortzen da, eta munduan estandar izaera aitortu zaio. Alabaina, egungo munduko egoera erabat nahasia eta aldakorra da. Europan muturreko eskumaren gorakada etengabea da; giza eskubideen diskurtsoak lehentasuna galdu du, eta eskuma agenda politikoa finkatzeko gaitasuna irabazten doa; gainera, Trump, Salvini eta Bolsonaroren modukoak gero eta ohikoagoak dira. Egoera kezkagarri honen aurrean, giza eskubideen hauskortasuna onartu beharra dago: atzera egiteko zinezko arriskua ukaezina da. Batzarrean aniztasunaren, errefuxiatuen eta nazioarteko terrorismoaren kudeaketan sakondu zen bereziki. Hortaz, gaurkotasun handiko eztabaida, alegia, «askatasuna edo segurtasuna» dilema, mahai gainean egon zen une oro. Ezin dugu ahaztu giza eskubideak osasuna, hezkuntza eta etxebizitza ere badirela. Horiei guztiei eraso zaie krisiaren aitzakiapean hartutako austeritate politikekin. Berdintasunik eza gero eta nabariagoa denean, giza eskubideen diskurtsoaren oinarria diren berdintasuna eta duintasuna politika publiko ororen ardatza izatea ozenki eskatzea baino ez dugu. Beraz, nahitaezkoa da izaera eraldatzailea eta haustura gaitasuna duten mugimenduak sustatzea eta babestea, eta horren adibide ona da feminismoen gorakada. Azken finean, beldurraren diskurtso boteretsuari aurre egin beharra dago, eta horretarako, gizarte ehuna berreraiki eta «zapalduen arteko gerra» dinamika arriskutsuarekin apurtzea izan behar da helburu. Berdintasunik eza gero eta nabariagoa denean, giza eskubideen diskurtsoaren oinarria diren berdintasuna eta duintasuna politika publiko ororen ardatza izatea ozenki eskatzea baino ez dugu