2018 AZA. 17 HELDUEN LITERATURA Amen barruko bizitza Estibalitz EZKERRA Gertaera makabro batekin abiarazten du Katixa Agirrek Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko XVI. Agustin Zubikarai beka jasotako “Amek ez dute” nobela: Armentian bizi den bikote dirudun batentzat au pair dabilen neska frantsesak bere zaintzapean dauden urtebeteko bikiak gurasoen ohe gainean hilda topatu ditu eta ama haien ondoan besaulki batean eserita. Kasuak zalaparta handia eragingo du, ez bakarrik biktimen adingabetasunagatik; hiltzailea ama bera delako. Bizia ematen duen hori bizia kentzeko gai ere izatea naturaren kontrakotzat jotzen da gure gizartean, nahiz eta horren adibideak egon badauden historian, eta filosofian zein literaturan gaia maiz agertu izan da, amaren defentsa bere gain hartuko duen Carmela Basagurenek epaimahaikideei azalduko dien bezala epaiketako lehen saioan. Amatasunaren gainean mito eta tabu asko daude, gehiegi, eta emakumeak isilarazi, kontrolatu eta jazartzeko erabili dira, istorioko narratzaileak lehen eskutik konprobatu ahal izango duenez. Azken hori ama izan berri den idazlea dugu, bere lehen nobelagatik jasotzen duen Euskadi Sariko dirua baliatuz lanean eszedentzia eskatu eta Armentiako kasuaren gainean liburu bat idaztea erabakitzen duena. Sormenaren aldeko hautuak kontzientzia txarra eragingo dio, libururako materiala emango dion Armentiako amaren kontrako epaiketa zuzenean jarraitzearren semea haurtzaindegian utzi beharko baitu. Ama on batek ez luke horrelakorik egingo; hala esaten dio bere buruari gizarte presioari men eginez. Baina gizarte horrek ez dio azaltzen nola izan behar duen batek ama eta gizabanako burujabe eta independente aldi berean. Teorian biak posible dira, baina praktikan ama bat bakarrik ama izan daiteke. Bere esperientziatik abiatuta narratzaileak amatasunaren gainean pentsatzen dituenak topiko bat baino gehiago hausten dute, eta gauza ziurra da ez dela horrela pentsatzen duen bakarra. Zerbait pentsatzetik horren gainean zerbait egitera jauzi handia dago, ordea. Akaso horregatik gertatzen zaio Armentiako amaren kasua hain txundigarri eta esplikaezina aldi berean. Bada gertaera tragikoarekiko interesa pizten dio beste arrazoi bat: Londresen ikasle zen garaian egindako lagun baten bidez ezagutu zuen ama hori, urte batzuk geroago etxeko bainuontzian seme-alaba bikiak ito dituen Alice, garai hartan Jade izena zuen arren. Jade/Aliceren epaiketatik eta haren gainean narratzaileak eskaintzen dituen iruzkinetik epaituaren nortasunaren eta motibazioen gainean datu gutxi lortuko ditu irakurleak. Paradoxikoa eman dezake horrek, akusatuaren bizitza mikroskopioarekin aztertzen baitute –akusatuari berari hitza eman gabe, epaiketan esandakoak narratzailearen bitartez heltzen zaizkigu–. Baina mikroskopio horren lenteak ez dira gardenak; aitzitik, aldez aurretik ezarritako interpretazio kodeek saturatuta daude. Narratzailea kode horiei kontra egiten saiatzen da, baina zenbaitetan men egiten die: epaituaren “katu begietan” eta aurpegi hezurtsuan jartzen duen gehiegizko arreta da adibideetako bat, itxura fisikoak inoren nortasunaren gainean ezer adierazterik balu bezala. (Fisionomiaren asmatzaile Lombrosok bestela uste zuen, eta zoritxarrez bere eragina nabarmena da oraindik ere gizarteko zenbait arlotan). Istorioan zehar historia, filosofia, literatura zein zinematik harturiko adibideak trebetasun handiz txertatzen ditu Agirrek sortzearen (dela amatasuna dela idazketa), generoaren, errepresentazioaren (nork hitz egiten duen eta noren izenean) zein justizia sistemaren (gizarte zigortzailea ala errehabilitzailea ote da gurea?) gainean galdera interesgarri askoak planteatzen dituen nobelan. Amaierak, ordea, dezepzionatu egiten du pixka bat, nobelan zehar azaldutako tonuarekin ez baitu erabat bat egiten.