GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Gure ertzak


Baditut nik bi kuadrilla handi: bata bizitza osokoa, ia-ia emanak etortzen diren horietakoa; bestea, “Jainkoak egiten ditu eta eurak batzen dira” erakoa, alegia, heldutasunean bizimoduagatik, zaletasunengatik, esperientziengatik… nolabaiteko antzekotasunengatik bere garaian bat egin genuen askotariko lagunok osatua. Lehenengoan, gurasoak dira gehienak, bi andre eta gizon bat izan ezik; bigarrenean, hiru guraso besterik ez dago, hirurak emakumezkoak, hirurak aspaldi koskorturiko haurren amak. Bizitza osokoan, zaila da denok elkartzea, eta, elkartutakoan, konplikatua lagun horietako bakoitzaren bizitzan zer gertatzen ari den, barrenean, jakitea; gaitza da sakontasunetan sartzea umeak etengabe begiratzen, elikatzen, entretenitzen eta, batik bat, hezten ibili behar duzunean. Bestean, aitaren batean egiten dira planak; erraza da elkartzea, eta, elkartutakoan, adiskideen gorabeheren bilakaera ezagutzea, batak besteari begiratu, entzun eta kontatu besterik egin behar ez duzunean.

Bada, azkenaldian bitxikeria batez ohartu naiz bai batean eta bai bestean: sarri izaten dugu hizpide gurasotasuna. Lehenengoan, noski, hainbeste ama-aita elkartuta, saihetsezina da familia-bizitzak eragiten dizkien guztiez aritzea, eta ama edo aita ez direnek entzuten edo besteren larruan jartzen saiatzen jardutea, inoren galdera “deserosorik” jasan behar izan gabe, aspalditik. Bigarrenean, aipatu hiru amak dira amatasunaz gutxien mintzatzen direnak, eta guraso ez direnak, aldiz, gaia atera eta mila ertz topatzen dizkiotenak, denak modu aktiboan parte hartuz: bizitzako gorabeherak, erabakiak, desirak, frustrazioak, presioak, oinazeak, askatasunak… xehe-xehe aletuak denak inolako epaiketarik ez dagoen esparru seguruan, bere garaian ama ez izatea erabaki zutenentzat epaiketetatik askean, bereziki.

Kuriosoa iruditzen zait oso zein desberdinak diren gai berari buruzko elkarrizketak batean eta bestean, zein jarrera hartzen dugun edo zer-nolakoak esaten ditugun parean ditugun pertsonen arabera. Familiaren irudiari dagokionez, lehenengo kuadrillakoa jendarte honen isla fidel gisa bizi dut, ohikoa, normala eta agerikoa dena, ertzak etxean utzita; bigarrena, aldiz, justu kontrakoa da: jendarte honek berak gurasotasunari –bereziki amatasunari– buruz isilarazi ohi dituen ertz guztien topalekua, jendartean egon badauden, erruz egon ere, bizipen eta sentipen ezkutuen erakustokia.