GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Ahalegin partikularrei eta herrikoiei bulkada komun berria


Datozen hamaika egunetan euskaldunok, euskaltzaleok eta, orokorrean, euskal herritarrok esperimentu sozial itzela egitera goaz. Aurretik Bai Euskarari-k, Nafarroa Oinez bezalako festek, Korrikak edo estadioen ekimenak egin zuten bezala, Euskaraldia belaunaldi bat markatu eta hurrengoetan gogoratuko den ekimena izan daiteke. Ederra izango da.

Hamaika egunez, euskararen mesedetan gure hizkuntza ohiturak moldatzera goaz, gure hitzak eta ekintzak lerrokatzera goaz. Euskaraldiak esfortzu partikularrak eskatuko dizkigu, merezi duten ahaleginak. Eta esfortzu hori balioan jarri behar da. Izan ere, arazoak arazo, herri honek bere hizkuntzaren alde egin duena ikusgarria baita. Hizkuntza minorizatua izan arren, diglosia egoerak iraun arren, baita etsai handiak izan eta eraso etengabeak jasan arren ere, lortu dena itzela da.

Erakunde publikoen eta herrigintzaren arteko elkarlanak balio handia du. Sarri bizkar emanda aritu diren eremu hauek elkarri begira jarri dira eta eraginkorrak izateko asmoz, eztabaidatu eta ekimen hau aurrera ateratzea erabaki dute. Euskarari buruzko akordio soziopolitiko berrien garaia da, orain artekoek emateko zutena eman dute-eta. Errealismoz eta anbizioz, euskararen lurralde guztietan urrats irmoak emate aldera, guztiok gure dogmak berrikusi behar ditugu.

Gure kasuan, komunikabideen alorrean, hizkuntzari buruz aurrerapausoak ematera goaz. Adibidez, beste batzuekin batera bultzatzen ari garen euskarazko irratiarekin. Paperean eta batez ere Interneten hizkuntzen alorrean eredu propioa garatu nahi dugu. Egunotan, egunkarian normalean euskaraz egiten dugunaz harago, gaztelerazko artikulu nagusien euskarazko laburpena egingo dugu. Batez ere «belarriprest»-ei zuzentzen den saioa da. Egun batzuetan asmatuko dugu eta besteetan ez, horixe baita hau: esperimentu bat. Gure komunitatearekin batera egin nahi dugun saiakera bat. Beti bezala, euskararen alde, Euskal Herriaren alde eta euskal herritarren alde.