2018 AZA. 23 MIGRAZIOAREN GAINEKO HAUSNARKETAK BILBON ANIZTASUN ETA MESTIZAJE ABERASGARRIA MAILA TEORIKOAN, EZ PRAKTIKA POLITIKOAN MIGRAZIOA ERRONKA DA, EZ ARAZOA, ANIZTASUNA ABERASGARRIA DA, GU ERE MIGRATZAILEAK IZAN GARA ETA MIGRAZIOA BEHAR DA IKUSPEGI DEMOGRAFIKO BATETIK... HAUEXEK BILBON ATZO ENTZUNDAKOAK. AURREAN, ERREALITATEA CEAR-EN HITZETAN: ASILO ESKUBIDEAREN URRAKETAK, ATZERAPENAK, EZEZKOAK... Nerea GOTI “Migrazio erronka eta naziorik gabeko herritartasuna” hizpide, EAEko Auzitegi Nagusiaren Bilboko egoitza hausnarketa ezberdinez bete zen atzo, Fernando Grande-Marlaska Barne ministro espainolak botatakoak barne, besteak beste. Juristak eta arlo ezberdinetako ordezkariak entzule zirela, egungo prozesuak arazoa barik erronka aberasgarri gisa marraztu zituzten hizlariek maila teorikoan, baina praktikoan, prozesuari lotutako hainbat arazo jarri ziren mahai gainean, migratzaileek eurek sortuak ez diren arazoak, bai ordea estatu europarren politikek eragindakoak. Irudikatutako giza eskubideen Europan, adimen artifizial sofistikatua jarri dute mugen zaindari, GARAk atzo bertan argitaratu zuenez. Egun, ezer gutxi geratu da giza eskubideen Europa hartatik, ez behintzat migrazioen arloan, begi bistan geratu zenez. Marlaskaren ihes efektua Gaiari sarrera emateko Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiaren presidenteak aipatu zuenez, europarren %38rentzat migrazio erronka arazo garrantzitsuena da, eta %68 politika amankomun baten alde azaltzen dira. Kezka horren aurrean, errealitatean «mugen itxiera» eta «Mediterraneoko hilerri krudela» aipatu zituen Ibarrak, eta gogoratu zuen Europa zaharra ez dela beti horrelakoa izan. Begirada guztiak Europako estatu baten Barne ministroak esan beharrekoan jarri ziren. Grande-Marlaskak hitza hartu eta lehenik gogoan izan zuen Estatu espainoleko 2 milioi herritar inguruk alde egin behar izan zuela Europako iparraldera 60ko hamarkadan, lan kontraturik gabe. Azaldu zuen ez duela gogoko «dei efektua» terminoa, nahiago duela «ihes efektuaz» hitz egin, eta aniztasunaren ikurra altxatu zuen. Baina, ondotik, segurtasun indarren lana zoriondu eta aitortu zuen, eta kontrolpeko migrazio ordenatua (legala) eta ez-arautua bereizi zituen PSOEko ministroak. «Kontrol» hitza nabarmendu zuen, eta onartu zuen, ez oso eroso, «kontrajarritzat» har daitekeela bere mezua, baina ez da gizartean bestelako erantzunen haztegi izan daitekeen zerbaiten arduraduna izan. Testuinguru horretan kokatu zuen gorrotoa eta muturreko eskumak migrazioaz egiten duen erabilera. Sami Nair politologo eta soziologoak «mestizaje prozesu geldiezina» jarri zuen mahai gainean, eta zehaztu zuen Afrikako gazteen %60k 25 urte baino gutxiago dutela eta lanik gabe daudela. 2100. urterako Europako hamar biztanletik lau Saharaz hegoaldekoak izango direla aurreikusi zuen. «Gure etorkizuna multietnikoa» izango da, nabarmendu zuenez. Beste hausnarketa bat bota zuen: politiken zentroan nazioen interesak jarri ohi dira, baina «orain da momentua benetako estatuen batasuna egiteko eta ahalik eta eskubide maila handiena emateko herritartasunari, Europako erkidego mailakoari eta bai erkidegotik kanpokoari. Patricia Barcena CEAR-Euskadiko zuzendariak pertsona guztien eskubideen bermeetan jarri zuen fokua, hain zuzen ere, eta ez zuen aukera galdu ministroari zuzenean interpelatzeko. Esan zuenez, «jazarpen ezberdinengatik ihes egiten duten pertsonak babestea da erronka» eta jatorrizko tokietan eragin beharraz aipatu zuen «eskubideen urraketa gehiegi» dagoela oraindik munduan». Gogoan izan zuen Barcenak herrialdetik irteera kontrolatuak arautzen dituen legeak zortzi urte daramala onartu eta indarrean noiz jarriko zain, eta egun asiloa eskatzeko dauden arazo bereziki larriak nabarmendu zituen, hitzordua emateko urte bateko itxaronaldiak eta ebazpenik gabe dauden 60.000 txosten. Beste datu batzuk utzi zizkion ministroari, hala nola aldeko ebazpenak benetan urriak direla eta arrazoi humanitarioengatik ebazpen bat bera ere ez dela egon esan zuen. Teresa Laespada foru diputatuak nabarmendu zuenez, urria izan da migratzaile gehien heldu den hilabetea, udako oihartzunik izan ez badu ere.